URNIETATIK ONDARROARA

“Gazte euskaldunekin elkartrukean” diziplinarteko proiektua gauzatu dute DBH 1. mailako ikasleek.

 

Hezkuntzaren eraldaketarako testuinguruan, Egape ikastolako irakasle taldeak buru-belarri dihardugu, besteak beste, ikas-egoerak sortu eta inplementatzeko lanetan. DBH 1. mailarako aurreko ikasturtean arloartekotasunean sortutako ikas-egoera moldatu dugu.

“Gazte euskaldunekin elkartrukean” izeneko proiektuak hiru jakintzagaik, Euskarak, Matematikak eta Geografia-Historiak,  batera lan egiteko aukera eman du ikasgaietan lantzen diren ikas-egoerei arloarteko ikuskera erantsiz. Modu horretan sortu genuen gazte euskaldunen arteko elkartrukea ardatz duen proiektua. 

Ikasleek hiruhilabetean zehar ikasgaietan oinarrizko jakintzen bidez konpetentzia espezifikoak eskuratu ondoren, askotariko ezagutzak eta trebetasunak aldi berean aplikatu behar izan dituzte proiektuaren zereginak burutzeko. Horrela ba, modu antolatu, koordinatu eta kooperatiboan lan eginez, Ondarruko Institutuko adin bereko gazteekin e-posta bidez harremanetan jarri dira.

Informazio trukeari esker elkar ezagutzeko aukera izan dute eta haien herrira irteera prestatu dute (ekintzak aukeratu, egitaraua prestatu, garraioa lortu, aurrekontua egin, ibilbidea osatu). Herriaren mapa eta ingurune fisikoaren inguruko azterketa bat ere osatu dute. Trukakideen herrirako bidaia–egitasmoa gelakideen aurrean aurkeztu dute, euskarri digitalaz baliatuz. 

Ostegunean, abenduaren 12an, gauzatu zen Ondarroan elkartruke erreala, DBH 1. mailako Egapeko gazteak eta Ondarroako Institutukoak elkarrekin eman baitzuten eguna eta, besteak beste, haien harremana sendotzeko aukera izan zuten. 

Ondarroako gazteek egitarau ederra prestatu zuten. Hasteko, urnietarrek portuko arrainaren enkantea nola egiten den gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, baita bertako instalazioetan ikusmiran aritzekoa ere. Ondoren, bertako institutuko DBH 1eko gazteek bisita gidatua eskaini ziguten herrian: urnietarrek Ondarroako txokoak eta bertako kondaira eta istorioak ezagutu zituzten bertako herritar gazteen eskutik. Amaitzeko, Plaza Berrian bazkaldu zuten denek batera eta, Urnietara itzultzeko autobusa heldu bitartean, elkar ezagutzerko eta aisia partekatzeko tartea izan zuten ondarrutar zein urnietarrek.