Urnietako parrokiko erretore zen Nikolas Azkonobietak, 1664. urtean eginiko testamentuan, bere jabegoko Miranda etxearen erdia, eskola bihurtzeko eskeini zuen.
XX. mende hasieran, berriz, eskola udaletxe zaharrean kokaturik zegoen.
Bitxia da benetan garai hartako pedagogi jardunean"eraztunaren sistema". Urnieta guztiz euskalduna izanik, umeek gaztelera ikasi eta erabili beharra zeukaten ikasketak egin ahal izateko. Irakasleak goizean eraztun bat ematen zion ikasle zaharrenari eta honek beste norbait euskaraz hitzegiten somatuz gero, eraztuna pasatzen zion. Horrela behin eta berriro. Egunaren amaieran eraztuna zeramanak, ordubete geratu beharra zeukan eskolan zigorturik.
1905ean udaletxea erre zen eta ikasleak ikastetxerik gabe geratu ziren. Udalak, Miarritzen bizi zen Pedro Biteri Arana jaunari eraikuntza berri bat egin zezan eskatu zion (gizon honek Gipuzkoako herri askotan eskolak eraikitzeko dirua jarri zuen).
1906. urtean Biteri jauna bere arkitektoarekin azaldu zen Urnietan eta urtebeteko epean eskola eraikitzeko asmoa agertu zuen.
Maria Galarmendi eta Agustin Michelana jaunandereek lur eremuen truke metro karratuko 1´50 pezeta jaso zituzten udaletxearen eskutik. Jose Trekuk, berriz, beste terreno batengatik trukatu zuen berea. Obrak hasi aurretik zenbait urnietarrek lurrak berdintzen lagundu zuten. Eskola berria egin bitartean mutilak Oblato Misiolariek utzitako gelatan egon ziren eta neskak aldiz, Idiazabal kaleko Ostatuberri etxean.
Azkenik, 1907an eskola inauguratu zuten eta Biteri jauna bertan egon zen.
1970. urte inguruan herriak hazkundea izan zuen eta aldameneko lur eremuetan bi solairutako eraikuntza berri bat egin zuten. Lau urte beranduago beste bi solairu erantsi zizkioten. Egungo zortzi gelako eraikuntza izatera pasa zen.
1981ean berritze lanak egin ziren: teilatua, eraikuntzaren sarrera eta barruko gelen banaketa.1989. urtean eraikuntza honen berogailu sistema eta itxitura berritu ziren. 1996ean berriz ezarri berria zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza emateko egokitzapenak egin ziren.
Egape Ikastolak 1966ean eman zituen bere lehen pausoak. Garai hartan ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik eta guraso talde batek euskal eskola bat sortzea pentsatu zuen, inguruko herrietan egiten ari ziren antzera. Ikastolaren sortzaileen artean Benantxio Laskibar, Maripi Sarasola, Maria Arizmendi, Xabier Larretxea, Sabina Arruarte eta Antselmo Unanue izan ziren (beheko argazkian).
Hastapenak "Catequesis Parroquial" izenpean eman zituen legea saihestu ahal izateko. Etxez-etxe 16 haur bildu ondoren bere ateak ireki zituen. Ikasgelak ere Parrokiari esker eskuratu ziren; zentrua izeneko lokaletan lehenik, gero sakristian eta Elizondo zinemaren azpian ondoren (egungo Sarobe Arte Eszeniko Gunea).
Egape izena, berriz, ikastolen pedagogi aurrerakoietan hain garrantzitsu izan den Elviria Zipitria andereñoak proposatu zuen. Hitzak "babesa" adierazten du. Hastapen horretan, lehen andereñoa Maripi Sarasola izan zen eta beranduxeago Arantza Etxeberria hasi zen irakasle lanetan. Bi irakasle urnietar hauek ibilbide luzea egin dute Egapen eta beraien ekarpena oso emankorra eta estimatua izan da beti.
Hasiera haietako kezka nagusia arazo ekonomikoa izaten zen. Hala ere, kezka hau beti lortzen zuten gainditzea ikasleen hileroko kuota, bazkideen ekarpen ekonomikoak, errifak eta tonbolari esker.
1969an Lehen Hezkuntzako lau gela legeztatu ziren eta 1973an Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO) ikasketak amaitzera Andoaingo Aita Larramendi ikastolara joaten ziren haurrak. Hauekin fusionatzeko saiakerak alferrikakoak izan ziren eta horregatik, 1978. urtean, OHOko bigarren zikloko ikasketak ezartzea erabaki zen. Urte berean eskola Parrokiala izatetik Egape Irakaskuntza Kooperatiba izatera pasa zen, lehen estatutu eta Batzorde Iraunkorra eratuz.
1980ean Lizardi kaleko eraikuntza amaitu zen gurasoen lan erraldoiari esker eta horren ondorioz OHO osoa leku berean eman ahal izan zuten.
Hamar urte beranduago Andoaingo ikastolarekin batera Ikastolen Jaia "Kilometroak" jaia antolatu genuen. Lortutako diru sarrerekin eskolaurreko eraikuntza berria egitea lortu zen.
1993an maiatzean gure ikastolak sare publikoan integratzea erabaki zuen, bere titulartasuna Eusko Jaurlaritzaren esku utziz.
1996/97 ikasturtean Egape Ikastola eta Azkorte eskola publikoa elkartu egin ginen. Elkartze horren ondorioz Haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi zentru sortu ziren.
Gaur egun zentru bakar bat bezala funtzionatzen dugu, Ordezkaritza Organo Gorena bakar batekin.
Une honetako erronka nagusia Bigarren Hezkuntzako ERAIKUNTZA BERRIA da.