Jasangarritasuna

"Eskola Jasangarria” agiriarekin Eskolako Agenda 21 programan nabarmentzeko esperientziak dituzten eskolak goraipatu nahi dira. Hauen lana, prozedurak, esperientziak eta, azken finean, eskolaren hezkuntza, partaidetza eta jasangarritasun kalitatea errekonozitu nahi da.

Egape Ikastola BHIk 2012-2013 ikasturtean jaso genuen Eskola Jasangarria Ziurtagiria.

 

 

2012-2013 ikasturtean jasotako ziurtagiria 2017-2018 ikasturtean berretsi genuen, etengabe eta pausoz pauso, jasangarritasunerantz doan Ikastola garela erakutsi eta gero. 

 

 

AGENDA 2030 PROIEKTUAK ERRELEBOA HARTZEN DU 

Orain arte, Eskola Agenda 21 (EA21) zen ingurumen hezkuntzako plana bideratzen zuen eskola proiektua baina, 2020/2021 ikasturtetik aurrera, proiektu honek Eskola Agenda 2030 (EA30) izena hartuko du. Beraz, aurrerantzean ingurumenari lotutako hainbat gai, arazo batetik abiatuta landu beharrean (adibidez, aldaketa klimatikoa edo biodibertsitatea), Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) landuko ditugu.  

Agenda 2030ek garapen jasangarriko 17 helburu ditu: pobrezia desagerraraztea, klima-aldaketari aurre egitea, hezkuntza, emakumeen berdintasuna, ingurumenaren defentsa edo gure hirien diseinua.

 

 

Beraz, 2020/2021 ikasturtea trantsizio urtea izango da, Agenda 2030 ezartzeko bidean. Kasu honetan, Buruntzaldeako eskualdeko herri eta ikastetxeetan GIHen 15. helburua jorratuko dugu: lehorreko ekosistemei dagokionez, basoa landuko dugu eta bi ikasturteko epea izango dugu helburu hau lantzeko.

Agenda 2030 proiektuak ingurumen hezkuntza lantzeko moduan aldaketa garrantzitsuak ekarri ditu. Besteak beste, Ekosarea izeneko foroak lehengo Ingurumen Batzordea ordezkatu du. Ikasleek, lehen osatzen zuten Iraes 21 Taldea, orain Ostadar Txikia osatu dute. Bertan ikasleek hartzen dute protagonismo osoa esperientziak trukatzen, proposamenak egiten eta blogean proposatzen zaizkien lanak argitaratzen. 

2016-2017 ikasturtean sortu zen lehen aldiz gure ikasleen Iraes 21 Taldea eta ordutik blog honetan parte hartzen dute.

Era berean, Egape ikastolan badugu ingurumen hezkuntzarako web orri propioa (egapeagenda21) eta bertan Agenda 2030 proiektuaren inguruan sortzen dugun informazio guztia jasotzen dugu.