Ikastetxearen hizkuntza tratamendu orokorrari dagozkion printzipioak eta bertan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko ditugun helburuak biltzen ditu proiektu honek. Hortaz, hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari eta erabilerari dagozkion alderdiak eta haien trataerari koherentzia emango dion markoa izango da proiektuan definitzen duguna.
Egape Ikastolan HH, LH eta DBHko ibilbidea kontuan hartuta, lau hizkuntzen irakaskuntza eskaintzen zaie ikasleei: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
EUSKARA: ikastetxeko hizkuntza erreferente eta nagusia, gure harremanetarako eta ikasketetarako erabiltzen dugu. DBH bukaeran ikasleek “Europako erreferentzia marko bateratuan” B2 maila lortuko dute.
GAZTELANIA: ikasgai gisa landuko dugu Erkidegoko beste hizkuntza ofiziala LHko 3.mailatik aurrera. Honetan ere ikasleek “Europako erreferentzia marko bateratuan” B2 maila lortuko dute DBH bukaeran.
INGELESA: atzerriko hizkuntza bezala landuko dugu HHn lau urtetik aurrera hasita eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran B1 maila lortuko dute gure ikasleek.
FRANTSESA: DBH guztian aukerako ikasgai bezala eskaintzen da eta lantzen duten ikasleei ibilbidea bukatzen dutenerako A2 maila lortzeko parada eskaintzen diegu.
Egape Ikastolaren helburuetako bat pertsona euskaldun eleanitzak heztea denez, beste hizkuntzen ezagutza eta erabilera sustatzen dugu. Horretarako Eleaniztasunerantz proiektua ere martxan dugu eta DBH guztian beste irakasgai bat ingelesez lantzen dugu, arte hezkuntza, esaterako, ahozko komunikazioa landuz, ikasleen komunikaziorako konpetentzia garatzen ahalbideratzen dugulakoan baikaude. Azken lau urtetan zeregin honetarako hizkuntza laguntzaileak izan ditugu. Hauek ingeles hiztunak dira eta gurera etortzen dira gure ikasleek ama-hizkuntza ingelesa duten hiztunekin harremanak izateko eta haien doinuaz eta ahoskeraz jabetzeko.
Curriculum proposamen bakar batean biltzen dugu hizkuntza guztien ikaskuntza-irakaskuntza, hizkuntzen curriculum integratua eginez.
Euskara ardatz duen eleaniztasuna garatzeko, Ikastetxe osoaren ardura da hizkuntza konpetentzia garatzen laguntzea. Hizkuntzakoak ez diren arloetako irakasleen ardura ere izango da eta horregatik “denok hizkuntza irakasle” leloa azpimarratzen dugu. Ikastetxe osoaren ardura da hizkuntzen trataera integrala.
Hona hemen adibideak:
Aurkezpena ingelesez EGIN KLIK Ahozkotasuna euskaraz EGIN KLIK
Hizkuntzakoak ez diren arloetako irakasleek ere ikasleen hizkuntza-konpetentzia garatzen lagunduko dute; izan ere, hizkuntza-konpetentziarik gabe ikasleak nekez ebatzi ahal izango baititu arlo bakoitzeko egoerak modu egoki eta eraginkorrean.