IKASTURTEKO 2. OOG BILERAREN LABURPENA

Otsailaren 24an, ikasturteko OOG bigarren bilera, pandemia egoera dela eta, on-line egin behar izan genuen.

 

Bileran aurreko aktaren onarpenaz gain, besteak beste, balantze ekonomikoa, aurre-matrikulazioa, arau berriak, Diagnosi Ebaluazioko frogak eta materialen behin betiko baja eskaera izan genituen hizpide.

2020 urteko balantze ekonomikoak aurkeztu eta onartu ziren. Bestalde, urtarrilean izandako aurre-matrikulazioaren datuak azaldu genituen. Bi urtekoen kasuan Urnietan jaiotakoen %70-75a  lirateke aurrematrikulatutakoak ikastolan. 

Hirugarrenez, arau berrien onarpenen inguruan hitz egin genuen. DBHko araua aukerako eta hautazko ikasgaiei dagokie. Ikasle batek ikasturte hasieran bere hautuari uko egiteko bi hilabeteko epea izango du eta jarraitu beharreko prozedurak, OOGan onartu ostean,  AIAn (Antolakuntza Jardueren Araudia) txertatu dira. HH-LHri dagokionez jangelari dagokion araudia egokitzeko beharra ikusi da. Jangela ikasle eta langile asko egunero hartzen duen eremua izanik, bertan, beste eremu batzuetan bezala, elkarbizitzako arazoak sortzen dira eta prozedura berri bat zehaztu da. Hau ere, OOGko kideak onartu eta gero, AIAn txertatu da.

Bi urtez behin Hezkuntza Sailak Ebaluazio Diagnostikoko frogak egiten ditu L.H 4. eta DBH 2. mailetan. Konpetentzia ezberdinak ebaluatzeaz gain galdetegien bidez hainbat gai aztertzen dira, euskararen erabilera, eskola jazarpena,.... Kanpo ebaluazioko frogak kanpo aztertzaile batzuk pasatzen dituzte bi egunetan sei orduz. Froga hauen bidez Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema orokorra ebaluatzen du eta emaitzak aztertu ondoren hobetze proposamenak bideratzen ditu. Ikastetxeetan ere hobekuntza plana antolatzen da emaitzen arabera. Aurten, kanpo ebaluazio hau egitea tokatzen zitzaigun, baina pandemia egoera dela eta kanpoko aztertzaileen ordez, bertako irakasleak izango zirela azterketak egingo zituztenak komunikatu zitzaigun. Klaustroan azaldu ondoren desadostasuna jaso zen klaustrokideengandik, besteak beste, irakasleentzat lan karga handitzea suposatzen duelako. Egoera honen aurrean ikastetxe ezberdinetako zuzendaritzek Sailburuordearekin harremanetan jarri gara eta hainbat komunikazio eta bileren ostean Sailburuordeak ikastetxe bakoitzaren esku utzi du erabakia. Egape Ikastolan, bai Lehen Hezkuntzan eta baita Bigarren Hezkuntzan ere, aurten Diagnosi Ebaluazio frogak ez egitea erabaki dugu. 

DBHn orain dela urte askoko eskola 2.0 ordenagailuak erabiltzen ez ditugunez zesioa egin dugu eta L.Hra pasa ditugu bertan erabili ditzaten. Horien artean batzuk hautsita, zaharkituta eta puskatuta daude eta baja emateko OOG kideen onarpena eskatu eta jaso da.

Zuzendaritza proiektuak lau urte irauten ditu eta hirugarren urte honetan, beste ebaluazioen artean, OOG kideek ere zuzendaritzak baloratu behar dituzte. Horretarako, OOG bilerak antolatuko dira: HH-LHkoa martxoaren 24an eta DBHkoa martxoaren 17an, 17:00etan eta on-line.

L.Hko OOGko talde iraunkorra sortu behar da. Azpi-organo hau zuzendariak, irakasle batek (idazkari lana egiten duenak) eta bi gurasok osatzen dute. Eginkizuna, erabaki azkar baten aurrean prozedura arintzea litzateke. Bi guraso bolondres eskatu dira iraunkorrean parte hartzeko. Norbait animatuko balitz korreoz edo telefonoz jakinaraztea eskatu da.

Azkenik, eraikin berriaren inguruan adierazten da Jokin Bildarratz ikastola bisitatzera etorri zela, ondoren, Gipuzkoako Hezkuntzako arkitektoarekin eta Lakuakoarekin harremanetan egon garela gure proiektua zehazten eta une honetan, pliegoak egiten ari direla. Bestalde, aipatzen dugu hilabetero udaletxean bilera izaten dugula orubea eskuratzeko prozesuaren jarraipena egiteko, oraindik ez duelako udalak eskuratu. HH-LHko guraso batek aipatzen du Hezkuntza legebiltzarkide guztiak etorri izana azpimarratzekoa dela, Legebiltzarrean legez-bestekoa aurkeztu zutela eta prozesuaren azkartzea honen ondoriotzat ikusten duela eta ez hainbeste Hezkuntza Sailburua etorri izanarena.