IKASTURTE HONETAN AGENDA 2030 PROIEKTUA ALDAKETA NABARMENEKIN DATOR

Orain arte Eskola Agenda 21 (EA21) zen ingurumen hezkuntzako plana hemendik aurrera Eskola Agenda 2030 izendatuko da eta aldaketa garrantzitsuak izango ditu.

Orain arte Eskola Agenda 21 (EA21) zen ingurumen hezkuntzako plana bideratzen zuen eskola proiektua baina ikasturte honetatik aurrera, Eskola Agenda 2030 izenburupean, aldaketa garrantzitsuak izango ditugu ingurumenari lotutako eskaintzan. Hemendik aurrera ingurumenari lotutako hainbat gai landu beharrean, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) landuko ditugu.  

Hain zuzen ere, 2015ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrari buruzko 2030 Agenda onartu zuen, aukera bat herrialdeek eta beren gizarteek bide berri bati ekin diezaioten guztion bizitza hobetzeko, inor atzean utzi gabe. Agenda 2030ek garapen jasangarriko 17 helburu ditu: pobrezia desagerraraztea, klima-aldaketari aurre egitea, hezkuntza, emakumeen berdintasuna, ingurumenaren defentsa edo gure hirien diseinua.

Beraz, 2020/2021 ikasturtea transtsizio urtea izango da, Agenda 2030 ezartzeko bidean. Kasu honetan, Buruntzaldeako eskualdeko herri eta ikastetxeetan GIHen 15. helburua jorratuko da: lehorreko ekosistemei dagokionez, basoa landuko da. Helburu zabal honen barruan, helmuga zehatzagoak kurtsoan zehar zehaztuko dira.  

Ikastetxeek eta herriko beste eragileek, bakoitza egokitzen zaion esparruan eta bere agenda propioarekin, bi urteko epea izango dute helburu hau lantzeko.

Egape ikastola berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko hartutako konpromisoengatik Eskola Jasangarriaren ziurtagiria lortu zuen 2012 urtean eta 2018an berretsi zuen. Horregatik, Agenda 2030 proiektuak Egape ikastolako ingurumen hezkuntza lantzeko moduan aldaketa garrantzitsuak ekarriko dizkigu. Besteak beste, Ekosarea izeneko foroak lehengo Ingurumen Batzordea ordezkatuko du. Ikasleek, lehen osatzen zuten Iraes 21 Taldea, orain Ostadar Txikia osatu beharko dute. 

Aldaketa hauek pixkanaka joango dira forma hartzen eta horretarako Ingurugela, ikastetxeentzako ingurumen hezkuntzako programak koordinatzen duen ikastegia, bidaikidea izango dugu. Bertako ardurdunek eta Artelatz enpresak gure jarduerak koordinatuko dituzte formazio saioekin, material didaktikoaren argitalpenekin, bisita gidatuekin edota hitzaldiekin.

Alde horretatik, datorren urriaren 22an aurtengo GIH lantzeko asmoarekin antolatu dute irakasle eta familentzako hitzaldia Lekaio Kultur Etxean. Landarlan Ingurumen Elkarteko kidea den Garazi Auzmendi arituko da “Basoaren erabilera kurrikularra Buruntza eskualdean” hitzaldian. Hitzaldi honen izena emateko aukera aurrerago eskainiko dizuegu.

Era berean, Egape ikastolak estreinatu berria du bere ingurumen hezkuntzarako web orri propioa eta bertan joango gara jasotzen Agenda 2030 proiektuaren inguruan sortzen dugun informazio guztia.