IKASTURTE BUKAERAN SAMINA, IKASTURTE HASIERAN ITXAROPENA

Covid 19ak ikasturte bukaerako jardueretan eragin handia izango du aurtengo ikasturtean.

Aurreko irailean, pozik eta ilusioz etorri ginenean ikastolara ikasturte berriari hasiera emateko nork esan behar zigun aurten bizitza guztioi zeharo aldrebestuko zitzaigunik?

Zomorroa iritsi zen martxoan, gure eguneroko lana hankaz gora jarri zuen eta itxialdi gogorra pasa behar izan dugu gure etxeetan.

Egia da azken aste hauetan libreago gabiltzala, kalera ateratzen garela, familia eta lagunak ikusteko aukera dugula baina bertan behera utzi digu hainbeste maitatzen genituen ikasturte bukaerako Aste Kulturala eta Egape Eguna, baita ikasturte bukaerako irteerak ere.

Ikasturtean zehar eskolaz kanpoko jardueretan egiten diren  lanen taularatzea Aste Kulturalean eramaten genuen aurrera, dantza, gitarra, antzerkiaren kasuan, “Urnieta Dantzan” ekimena antolatzen zuen Egape Dantza Elkarteak, Bertso eskolako ikasleek euren ekoizpena taularatzeko aukera Bertso Jaialdian izaten zuten, DBH3. mailako ikasleek Egape Egunean antolatzen zuten bazkariarekin xoxak ateratzen zituzte ikasbidaiarako eta, zer esanik ez, DBH4. mailako ikasleek ilusioz beteta antolatutako ikasbidaia bertan behera utzi behar izan dute.

Irakasleok gure ikasleak aurrez aurre, muxu edo besarkada batez agurtzeko aukerarik ez dugu izango. Baina Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta DBHko 4. mailakoak bai agurtuko ditugula ikastolan ekitaldi xume bat eginez, etapa garrantzitsuak amaitzen baitituzte Egapen.

Covidak min handia egin digu denoi baina itxaropenez begiratzen diogu datorren ikasturteari. Ea 2020-2021 ikasturtean birusa iraganeko amets gaizto bat bilakatu den!