HEZKIDETZA PRESENTE GABONETAN ERE

Gabonetan ere berdintasunean hezteko joko, bideojoko… eta liburuen aukeraketa egokia egitea gure esku dago.

Gabon garaia iristen ari da eta jakin badakigu erosketak egingo ditugula. Hau horrela, uste dugu komunikabide eta publizitatearen aurrean kritiko jokatzea ezinbestekoa dela berdintasunean hezteko. 

Publizitate kanpainek estereotipoz beteriko irudia islatzen dute eta ematen dituzten genero rol klasikoek ez dute laguntzen benetako berdintasuna lortzen. Ez dago gure esku komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea, baina bai haien aurrean kritiko jokatzea.

Joko eta bideojoko egokiak aukeratzeko unean, kontuan izan behar ditugu kalitatea, adina eta lantzen dituzten jarrera edo baloreak. Kontutan hartu beharreko irizpideak  hauek izan daitezke:

  • Kooperazioa eta laguntasuna sustatzea.
  • Jakin-mina eta sormena garatzen laguntzea.
  • Eredu sexistak eta indarkeria EZ bultzatzea.
  • Jolasaren eta jokoaren helburua ondo pasatzea izatea.
  • Berdinen arteko harremanak eta komunikazioa bultzatzea eta sendotzea.
  • Pentsatzeko ahalmena eta arazoei aurre egiteko baliabideak topatzen laguntzea.
  • Berdintasunean oinarritutako eredu berri bat bultzatzea.
  • Edozein umek erabili ahal izatea, hau da trebetasunik ez izanda ere inor baztertzeko aukerarik ez ematea.

Ezin dugu ahaztu haur eta gazte literatura, izan ere gazteek liburuetan islatzen diren pertsonaiekin eta egoerekin bat egiten dute. Beraz edozein liburu edo ipuin aukeratu baino lehen komeni da honakoak kontutan izatea:

  • Izenburuetan, marrazkietan, eta ekintzetan generoen arteko oreka.
  • Hizkuntza, jarduerak eta estereotipo sexistarik ez agertzea.
  • Rol klasikoak (mutila ausarta... eta neska menpekoa...) transmititzen ez dituena.

Ikastetxetik kontsumo arduratsua egitera animatzen zaituztegu.