“EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO” INIZIATIBAREN MANIFESTUA

Hezkuntza publikoa, historian zehar irabazitako lorpenik handienetako bat da, eta bere garapena gizarte honetan bizi garenon berdintasun eta ongizate mailako adierazlerik onena.

Hezkuntzarako eskubidea, beraz, Eskola Publikoan gauzatu da, denontzat eraikia, denona delako eta guztiontzat, zerbitzu publiko doakoa eta unibertsala eskaintzen duen bakarra. Tinko sinesten dugu hezkuntza publikoaren balioa, hezkuntza inklusiboa, euskalduna, laikoa eta doakoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoa, ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte-kohesioa bermatzen dituena.

Baina, zerbitzu publikoak eta bereziki eskola publikoa gobernuen jomugan daude. Azken urteotan, zerbitzu horien pribatizatze politika garbia eraman da aurrera eta hezkuntza ez da atzean geratu. Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte izan diren Hezkuntza Sailek eskola publikoari murrizketak ezarri eta irakaskuntza ekimen pribatu guztiei kontzertazioa eman diete. Ondorioz, hezkuntza sistema duala (publikoa eta pribatua-itundua) gauzatu da, ikasle guztiei aukera berberak eskaintzen ez dizkiena, beren egoera sozio-ekonomikoaren, jatorriaren edo erlijioaren arabera bereizi, eta jatorrizko ezberdintasunak mantentzen dituena. Integrazioaren aurka doan hezkuntza-sistema bat finkatu da, gizarte-zatiketa eta haustura bultzatzen dituena, sare publikoa bigarren mailara baztertuz. Sistema diskriminatzailea eta segregatzailea. Hori guztia diru publikoarekin finantzatuta.

Oraingo Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza pribatuko patronalek askotan eskatu duten Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzea nahi du, hezkuntza publikoko komunitate osoaren oposizioarekin: Ikasleen Guraso Elkarte guztiok eta irakaskuntzako sindikatu guztiak. Lege horrek, "zerbitzu publiko" kontzeptuan oinarrituta, desberdinak diren bi hezkuntza-sare (bat publikoa eta bestea pribatua), berdin finantzatuko ditu, politika pribatizatzaileetan beste urrats bat emanez. Gure sistema dualari eta horrek sortzen duen segregazioari eutsiko dion lege bat, LOMCEren babespean etorriko dena.

Horregatik guztiagatik, Euskal Eskola Publikoarekiko harrotasuna adierazi eta euskal hezkuntza-sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu nahi dugu, herri bezala publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera-berdintasunaren alde eginez.

Euskal Eskola Publikoaren alde eta hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka deituko diren ekintzekin bat egiten dugu.

Publikoaz harro gaudelako,

GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!