DBHKO IKASLE ETA IRAKASLEAK HERRIKO PAISAIA AZTERTZEN

Martxoaren 12an DBH etapako ikasle eta irakasleok eremu-irteeretan parte hartu genuen herriko paisaiaren diagnostikoa egiteko.

 

Ikasturte honetan Eskolako Agenda 21 proiektuaren barruan Urnietako paisaia aztertzen ari gara. Herriko Udalak ere, bere aldetik, azken hilabetetan hainbat tailer eta partehartze prozesuak bultzatu ditu Urnietako Paisaiaren Plana burutu ahal izateko. 

Horrela izanda, DBH 1.mailako ikasle eta irakasleak martxoaren 12an Besabira autobusez joan ziren. Handik, Onddira oinez gerturatu ziren Muliskoko estazio megalitikoaren inguruan hainbat jarduera didaktiko egitera. Ikasleek aurretik landutako fitxak eraman zituzten eta historiaurreko trikuharri, monolito eta harrespilen artean alturan dagoen paisaia ikertu zuten. 

DBH 2.mailako ikasle eta irakasleak, aldiz, herriko kanponsantu ingurura gerturatu ziren. Bertan, herritik gertuago dagoen paisaia aztertu zuten, entzumena eta usaimena erabiliz, ikusgai ez diren hainbat elementuetan arreta jarriz. 

Bestalde, DBH 3.mailako ikasle eta irakasleek landa gunea aztertu zuten Lategi auzoko ur-depositora joanez. Bertatik agerian dagoen herriko paisaia behatu zuten. Inguru horrek denboran zehar izakiaren eraginez jasandako aldaketak eta mehatxuak aintzat hartu zituzten. Era berean, artxibozko argazkien bidez landa gunearen bilakaera historikoa ikertu zuten. 

Azkenik, DBH 4.mailako ikasle eta irakasleak Trankatx erreka ingurura gerturatu ziren. Urtero Ibaialde kanpaina burutzen dugu Biologia-Geologia arloan eta ohikoa bihurtu den irteera honetan ikasleek gertutik miatu zuten erreka inguruko landaredia eta fauna.

Ikastalde guztiek eremu-irteera burutu aurretik ikasgelan landu zituzten bai ibilbidea bai azterketa egiteko egokitu zitzaien ingurunea ere. Ondoren, irteeran bertan hainbat ohar eta datu bildu zituzten.

Irteera hauetan bildutako paisaiak kontserbatzeko konpromiso eta proposamenak, aurrerago, udal foroan aurkeztuak izango dira, hartutako argazki eta bideoekin batera.