“TRATU ONAK” IKASTAROA EGAPEN

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskaintzen da ikastaro hau urtero.

 

Badira urteak ikastolak ikastaro hau eskaintzen diela bere ikasleei Lehen eta Bigarren Hezkuntzan  eta aurten ere urtarrilaren 21etik 23ra HARREMANAK Hezkuntza Elkartearen eskutik “Tratu onak” ikastaroa izan genuen Egape ikastolan LH4 eta 6. mailetan.

Nola suspertu daitezke sexuen hezkuntza, hezkidetza eta tratu onak sustatzeko egitasmoak? HARREMANAK elkartearen iritziz gizon eta emakume bezala bizitzan zehar nola joaten garen eraikitzen ulertuz, horretan gizarteak, familiak eta inguruak duen eragina ikusiz.

Ezagutzaren ondorioz gure burua maitatuz, ditugun ñabardurak eta berezitasunak agertuz, elkarrekiko harremanak atseginagoak, laguntzaileagoak eta aberatsagoak izan daitezen lagunduz.

6. mailan ikasleek sexualitatea eta hezkidetzari buruzko kontzeptuak landu zituzten. Eduki ezberdinak ezagutuz momento oso onak pasa zituzten bakoitzak bere iritzia emanez.

LH4 mailari dagokionez, norberaren gorputzaren ezaguera eta onarpena izan dira gehienbat azpimarratu dizkieten kontzeptuak, eta bestetik gure gorputz guztiak zoragarriak direla. Hau da, norberaren onarpenetik abiatuta besteak ere errespetatzea.