TEKNOLOGIA PRAKTIKATUZ IKASI

Bigarren Hezkuntzako Teknologiako jakintzagaian proiektuak praktikan jarriz ikasten dugu.

Gure jakintzagaian marrazketako oinarrizko ezagutzak ezinbestekoak dira sortzen ditugun maketa eta gailuak diseinatzeko. Marazteko modu diferenteak erabiltzen ditugu, hala nola, esku hutsez, marrazteko tresnekin, bi dimentsiotan, hirutan… eta azken bi ikasturteetan ordenagailua erabiliz. Marrazketaren atala borobiltzeko ordenagailuz marraztutako hiru dimentsioetako marrazkiak 3D inpresoran gauzatzen ditugu laugarren mailan.

Gure proiektuetan pisu handia du elektrizitateak eta kurtsoz kurtso muntatzen ditugun zirkuitoak laguntzen digute egunerokoan erabiltzen ditugun gailuen funtzionamendua ulertzen. Lehen egunetik pizten ditugu lanparak eta ledak, martxan jartzen ditugu motor txikiak eta txirrinak. Ondorengo ikasturtetan sistema automatikoak muntatzen ditugu eta baita sentsore elektronikoak ere.

Proiektuetan egiturak eraikiz, mekanika landuz, energia iturri berriztagarriak erabiliz, hidraulikaren lehen hastapenak ikasiz… maketak eraikitzen ditugu. Hau guztia gauzatzeko, eskuzko erremintak erabiltzen ditugu, makina elektrikoak, materialak eta piezeroak. 

Azken urteetan asko garatzen ari den eta gure industrian hain garrantzitsua den robotika eta programazioa ere lantzen ditugu kurtso guztietan, MicroBit eta Arduino plaka elektronikoak erabiliz.

Teknologia ikasgaiak “Do it yourself” edo maker mugimenduan murgildu nahi duenari edo etxean konponketa txikiak edo brikolajea egin nahi duenari oinarri bat ematen dio. Eta nola ez, etorkizunean gure gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko ibilbide profesionalak aukeratzea du helburu.