PANDEMIAREN OLATUAREN ZIPRIZTINAK IRITSI ZAIZKIGU BIGARREN HEZKUNTZARA

Urnietako positiboen kopurua kezkagarria izan arren gure ikastetxean, ostegunean egindako baheketatik positibo bakarra izan dugu.

 

Aurreko ostegunean, urriak 22an, baheketa herritarrari eman zitzaion hasiera Urnietan. 

Ikastolako bigarren hezkuntzako ikasle eta langileak bertan parte hartu genuen, guztira 180 bat lagun. Urnietako herriak eta Osakidetzak horrelako egoera zailaren aurrean egindako proposamnenean, guk ere parte hartu genuen izurritea geldiarazi nahian.

Emaitzak ezagutu ditugu eta bertan parte hartu genuenen artean kasu bakarra izan da positiboa. Honek eskolan eragina izan du beste hamabi ikasle konfinatu baititu. Ondoren, jakin dugu beste bizpahiru positibo gehiago ere izan direla baina hauek ez dute eskolan eraginik izan, izan ere, aurretik beharrezko neurriak hartuta baitzituzten. Aste burua eta gero, beste dozena bat lagun ez da eskolara etorri, kanpoko kontaktu zuzenak izan direnez, itxialdia errespetatu behar dute. 

Momentu honetan, guztira 24 ikasle eta irakasle bat ditugu konfinatuak etxean. 

Orain arte banakako ikasle batzuk geratu zaizkigu etxean prebentzio neurri bezala, baina egoera aldatu zaigu eta jarri dugu martxan eskola ez-presentzialerako aurreikusitako plangintza. Plangintza kontingentzia planean jasota dagoen arren, jada moldaketak egin ditugu egoerari egokitu eta gure ikasleei arreta zuzena ahalbidetzeko.

Dena den, guztion helburua da ikastolako gelak ez konfinatzea eta eskola irekita mantentzea. Hezkuntzan harremana ikasleen ongizate emozionala eta jarraipen akademikoa hobekien bideratzeko baldintza egokiena da.

Denon artean, egoera zail honi buelta eman behar diogu. Denok, familiek, irakasleek, langile ez-irakasleek eta ikasleek, prebentzio neurri guztiak zuzen bete behar ditugu!!