STEAM

                                      

 

2015/16 ikasturtean teknologia arloan Hezkuntza-Robotika proiektua lantzen hasi ginen eta gaur egun urrats bat haratago emanez STEAM proiektuari heldu diogu. Baina, zer da STEAM? Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics arloak aldi berean eta modu integratuan lantzea erronka diferenteei erantzunez testuinguru praktiko batean. Hezkuntza Sailak, Europako beste herrialde batzuetan bezala, lehentasuna eman nahi dio STEAM proiektuari eta Egape Ikastolan metodologia berriekiko aitzindari garen heinean, konpromiso hori berresten dugu proiektua geureganatzen.

STEAM proiektuaren bitartez arloen arteko elkar lana gauzatzen da. Gainera, gure ikasle gazteen bokazio eta nahi profesional zientifikoa sustatzen da, batez ere emakumeena, estereotipoak aldatuz, zientzian eta ingeniaritza arloetan pairatutako bazterketa gaindituz eta berdintasunean garatuz.

 

                  

 

LHko 6. mailan hainbat saiotan aholkularien eta nesken arteko topaketak egingo dira honako helburuak lortzeko: zientzia eta teknologiako lanbideen inguruko zalantzak argitzea eta oztopoak gainditzea, motibazioa sustatzea eta hala nahi izan ezkero, lanbide horri ekiteko autoestimua sendotzea. Mutilek ere, gai beraren inguruan saio paralelo batean tutorearen gidaritzapean lanean jardungo dira.

 

                                                       

                            

DBHn 2015/16 ikasturtean teknologia arloan Hezkuntza-Robotika proiektua lantzen hasi ginen eta gaur egun urrats bat haratago emanez STEAM proiektuari heldu diogu hainbat proiektu gauzatuz elkarlanean, egurrezko Tangrama animazio eta bideo-jokuen diseinua, Robotika, 3D diseinua eta inpresioa, sentsoreen azterketa, “Superheroia” proiektua eta energia berriztagarriei probetxua ateratzeko proiektua, besteak beste.  Ilusio handiz aritu gara eta hurrengo ikasturteetan ere gure ikasleak etorkizuneko mundu zientifikoan berdintasunean eta oparotasunean murgildu daitezen jarraituko dugu lanean.