Ikasketa kooperatiboa

IKASTEKO KOOPERATU, KOOPERATZEN IKASI (IK/KI)


Egape ikastola BHIn 2014-2015 ikasturtetik aurrera garatu da Ikaskuntza Kooperatiboaren proiektua Zuzendaritzaren eta IK/KI batzordearen lidergoak bultzatuta.

 

Ikasketa kooperatiboen jarduera

HELBURUAK:

Inklusio marko batean kokatzen den Ikaskuntza kooperatiboak ikasle guztien ikaskuntza bultzatzea du helburu. Gaur egungo Curriculumean ikaslearen irteera profila zortzi funtsezko konpetentzietan oinarritzen da. Konpetentzien bidez testuinguratutako ikaskuntza eta ezagutza mota anitzak garatu nahi dira. Ikaskuntza kooperatiboak zortzi konpetentzia horiei bi zentzutan egiten die ekarpena: alde batetik ikastetxeko hezkuntza baliabide bezala erabiltzen delako eta bestetik, kooperazioa bera ikaskuntza bat delako.

 

Ikasketa kooperatiboen helburuak

 

FORMAKUNTZA:

Hainbat ikasturtez Berritzeguneak antolatutako formakuntzan parte hartu izan du ikastetxeak. Eta azkeneko urteetan, kanpo formakuntza eta autoformakuntza osagarri dira. Autoformakuntza prozesuak garatzen dira ikastetxean, IK/KI batzordeak bideratuta. Bertan, ikastetxerako IK/KI programazioa eta materialak prestatzen dira eta metodologia honen jarraipena eta formazio saioak antolatzen dira. Web orri bat sortu dugu formakuntza baliabide gisa erabiltzeko: https://egapeikki.wixsite.com/ikki

Gainera, azken urte hauetan ikastetxe askorentzat erreferente bilakatu gara hainbat ikastetxeetatik irakaslegoarekin gure esperientzia partekatzera deitu baitigute.

 

FUNTSEZKO OINARRIAK:

IK/KIren printzipioak dira: 

  • Interdependentzia positiboa
  • Partaidetza ekitatiboa
  • Aldibereko elkarreragina
  • Banakako ardura
  • Talde ebaluazioa

Hiru esku-hartze eremu lantzen dira:

  • Gelako taldearen kohesioa (A eremua)

Helburua, ikasleek talde kontzientzia hartzen joatea da, ikas komunitate txiki bat osatuz. Gela giroa hobetzeko talde dinamikak eta joko kooperatiboak proposatzen dira.

  • Ikaskuntza bultzatzeko talde lana erabiltzea (B eremua)

Rolen banaketa duten hiru-lau partaideen arteko tal­dekatzeak egiten dira; ikas jarduerak, egitura kooperatiboen bidez garatuz. Hauek, sinpleak edo konplexuak izan dai­tezke.

  • Talde lanean ikastea (C eremua) 

Talde lana eduki bat da eta sistematikoki lantzen da. Pla­ni­fikazioa eta ebaluazioa oinarrizko osagaiak dira, tresna bezala «Talde Plana» erabiltzen delarik.

Talde Planak kooperazioari buruz eta ikaskuntzari buruzko helburuak jasotzen ditu, ikasleen rolak (koordinatzailea, idazkaria, bozeramailea eta laguntzailea), norbanako ardurak eta konpromisoak; eremu honetan ikasleei autoebaluazioa eta koebaluazioa erabiltzea eskatzen zaie, norbera eta taldearen hobekuntzarako erabakiak hartuz eta martxan jarriz.

 

Irakaslearen egitekoa ikas-irakas prozesuaren egitura diseinatu eta jarraitzea da, heterogeneoak diren kooperazio talde egonkorretatik abiatuz, kooperazio egitura desberdinak erabiltzen dira; ikasleen gaitasunak errespetatuz eta taldean lan egiten ikasiz.

Izaera hezitzailea duen ebaluazio mota hau garatzeko, ikasleen partaidetza eta inplikazioa bultzatzea oinarrizkoa da eta irakasleentzako erronka nagusienetakoa da.