OOG BILERA

Azaroak 11n, 2020-2021 ikasturteko OOGko lehen bilera egin genuen herriko frontoian.

 

Ordezkarien Organu Gorena ikastetxeko erabaki garrantzitsuenak hartzeko erakunde nagusia da eta ikasturtean gutxienez hiru aldiz biltzen da. 

Egape Ikastolan ofizialki bereizita dauden bi organu ditugu, bata Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzakoa eta bestea, Bigarren Hezkuntzakoa. Dena den, hasieratik, Egape Ikastola (2-16 urte) proiektua sendotzea izan da gure helburua eta zuzendaritzak elkar lanean aritu diren bezalaxe, ikastolako bi Organiu Gorenak ere, egun, ordu eta leku berean elkartzen dira, nahiz eta erabakiak hartzeko garaian legalki Organu bakoitzak bere erabakiak hartu behar izatea.

Beraz, azaroak 11n, 2020-2021 ikasturteko lehen bilera egin genuen. Bileran ohiko dokumentuen onarpenaz gain (memoria, urteko plana…) hiru gai berezi jorratu genituen.

Lehenik eta behin, DBHko eraikin berriari ekin genion. Alkatea bertan genuenez, prozesuan emandako azken urratsen berri zuzenean jaso genuen. Bere esanetan, hemendik aurrera eman beharreko pausuak “Aprobación definitiva del Plan” delakoa litzateke eta hori Udalaren ardura da. Bestalde, komentatzen du Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburu berria Urnietara etorriko dela DBHko eraikina ezagutzera.

Ikastetxeko zuzendariek, berriz, aipatu zuten udal oposizioko kide batek bilera eskatu ziela eta aste bete lehenago legebiltzarkide batekin eta zinegotziarekin bildu zirela eraikina ikusi eta honen egoeraren berri emateko. Gainera, Jokin Bildarratzi helarazi nahi zaion idatziari eta jada OOG kide guztien esku dagoenari guztion babesa jasotzeko eskaera egin zen eta aho batez onartu zen. Idatzian, Sailburua gure eskola bisitatzera gonbidatzen dugu eta bere esku dagoen guztia egin dezan eskatzen zaio Udalak lehenbailehen eginbeharrekoak egiteko. Bestalde, Guraso Elkarteak proposatuta,  Aballarri buletineko 2. alea eraikinaren inguruko monografikoa izango da. 

Familien ordezkarien adierazpenetan haserrea eta kezka adierazten dira Udalak Hezkuntza Sailaren esku utzi behar duen orubea oraindik eskuratu ez duelako eta prozesua etengabe luzatzen doalako.

Bigarrenik, OOGko hauteskundeen inguruko informazioa helarazi zitzaien bertaratutakoei. Prozesua urriaren 26an hasi zen eta abenduaren 17an bukatuko da OOG berria osatuz. Familien ordezkari izateko hautagaiak jadanik aurkeztu dira eta hautagaien kopurua aukeratu behar diren ordezkariena adinakoa denez, ez da hauteskunde-prozesua burutuko. Hautagai guztiak automatikoki O.O.G.ko kide izango dira. 

Azkenik, DBHko ikasleen ordutegi berriaren proposamena eztabaidatu genuen. Covid 19 dela eta ikasleek ikasturte honetarako ordutegi jarraiaren hautua egin nahi izan zuten. Horretarako ikasleek, gaia aurkeztu eta arrazoitu zuten. Gainera, egindako lanketaren inguruko datuak azaldu zituzten. Modu berean, jangelako langileek ere kezka azaldu zuten eta bertaratutakoen iritziak entzun ondoren bozketa egin genuen. Gehiengoak ordutegi zatituarekin jarraitzeko hautua egin zuen, hortaz, ez dago aldaketarik.