ONGI ETORRI PLANA

DBH 1 eta 2. mailako ikasleek “Ongi Etorri” planarekin eman diote hasiera ikasturteari. Hasiera mailakatua dela eta, 3. eta 4. mailako ikasleekin ez dugu programa aurrera eramango.

Urteak dira Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzan “Ongi Etorri” planarekin ematen diogula hasiera ikasturteari. Plana ikastolan bertan sortutako jarduera programa da eta urtez urte ikasleen eta irakasleen balorazio eta hobetze proposamenekin osatzen dugu. “Ongi Etorri” planaren helburu nagusia ikastaldeen kohesioa eta elkarbizitza hobetzea da. Era berean, jarduera horiek talde lana hobetzen, elkar hobeto ezagutzen edota taldearen rolak eta funtzioak finkatzen laguntzen digute.

Irailaren 7an, 1. eta 2. mailako ikasleekin aurkezpen eguna egin eta gero, ondorengo hiru egunetan, ikasleek hainbat jarduera burutu dituzte, besteak beste, elkar ezagutzeko eta talde kohesioa lantzeko dinamikak, hausnarketa sustatzeko ikus-entzunezkoen lanketa eta hainbat jolas.

Ikasle eta irakasleen arteko elkar-ezagutza bultzatzeaz gain, talde kooperatiboetan lan egin ahal izateko taldeak osatzen ditugu bertan jasotako informazioaz baliatuz. 

Hau aurrera eramateko ordutegian saio arruntak eten ditugu, lehenenego saiotan dinamika hauek landuz.

Aurten, egoera berri honetara moldatu behar izan dugu plana hainbat jolas baztertuz eta ikasle nagusiekin burutzen den jarduera kenduz. Jadanik, familiei komunikatu zaie ikasturte honen hasiera mailakatua izango dela eta 1. eta 2. mailako ikasleek irailaren 7an hasi badira, 3. eta 4. mailakoak berriz, 15ean hasiko dira eskolan. Horrexegatik, aurten,  ez dugu “Ongi Etorri” planik burutuko bigarren zikloko ikasleekin, plana bideratu ahal izateko gure ohiko antolaketan aldaketa garrantzitsuak egin behar baitira. 

Covid-19 dela eta egungo errealitatea konplexua bada ere, ikasturteari hasiera modu goxo eta ludikoan emateko aukera eskaini nahi izan diegu gazteagoak diren gure ikasleei, hainbeste arau eta betebeharreko neurriez gain, eskola gustura sentitzeko gunea izan dadin.