ONDARRUTARRAK BUELTAN IZAN DIRA

Maiatzaren 11n, DBH 1. mailako ikasleek gazte ondarrutarrei Urnietako ondarea erakutsi zien.

 

Bisita “Gazte euskaldunekin elkartrukean” DBH 1. mailan arloartekotasuneko ikas-egoerak barne hartzen duen ekintza izan da. Proiektuaren zereginak lehen hiruhilabetean burutu zituzten gure ikasleek eta horrela Ondarruko Institutuko adin bereko gazteekin e-posta bidez harremanetan jarri ziren.

Informazio trukearen ostean, ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan zuten joan den abenduaren 18an, Ondarroara eginiko txangoan. Astelehenean, maiatzaren 11n, biribildu zuten egitasmoa DBH 1eko ikasleek, izan ere, beraien adinkide ondarrutarrak jaso zituzten bisitan Urnietan. 

Aurretik ondarrutarrek beraien herriarekin egin bezala, Urnietari buruzko azalpenak prestatu zituzten gure ikasleek eta taldeka aurkeztu zizkieten. Horrez gain, triptiko bat osatu zuten ondarrutarrek etxera eraman zezaten. 

Besabi jatetxean, Adarraren magalean, elkartu ziren goizean eta azalpenak eman ondoren, Mulisko gainerantz abiatu ziren. Inguru ederra eta eguraldi paregabea lagun, Mairubaratzera iristean hamaiketakoa egiteko eta elkar hobeto ezagutzeko aukera izan zuten ondarrutar zein urnietarrek. Historiaurreko hilobiei buruzko azalpenak eman ostean, atzera abiapuntura itzuli ziren eta bertan agurtu zituzten gazte bizkaitarrak.