“MISTERIOA KLASEAN, EUSKARA ERRATZEAN” EGITASMOA BIGARREN HEZKUNTZAN

Martxoaren 15ean, Fernando Morillo Grande idazlea 4. mailako ikasleekin lanean aritu da.

 

Foru Aldundiak eskainitako Kultura eskola programaren barruko proiektu batzuk aukeratu eta ekarri ditugu Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. “Misterioa klasean, euskara erratzean” izan da 4. mailako ikasleentzat aukeratu dugun 90 minutu inguru irauten duen egitasmoa.

Fernando Morillo azpeitiar idazlea bi taldeekin egon da.  Talde bakoitzean, ikasleei, misterio bat aurkeztu zaie, ahoz, antzeztuz eta irudiz, euskara “ERRATZEAN” (erraza ez ezik, erratza etxeko konfiantza eta errespetua da… eta sorginaren tresna mitikoa: beraz, konfiantza, errespetua, erraztasuna eta misterioa uztartu ditu). Misterio horretan, arazo edo biktima bat dago (edo batzuk): hildakoa, lapurreta mehatxagarria, norbait desagertua… Zenbait susmagarri edo hipotesi aurkezten dira berehala, detektibe-jolasa abiatzeko. Ikasleek zenbait zantzu edo pista joan dira ezagutzen (batzuetan entzuten, modu “desberdinetan” irakurtzen, pasarteak antzezten, irudiak arakatzen…), zer gertatu den argitzen joateko. Horretaz gain, ikasleei arrazoitzeko tresnak eta baliabideak eman zaizkie ikertzen laguntzeko. 

Ikasle taldea, talde txikietan egin du lan eta bozeramalea izan da taldean adostutako ondorioak gainerako guztioi azalduz joan dena.  Amaieran, talde bakoitzak bere azken hipotesia eskaini du (aukeren arabera: hitzez, antzeztuz, marraztuz…). Ez da irabazlerik egon, helburua guztiok elkarrengandik ikastea baita, ondo pasatu bitartean.

Egitasmo honekin, makina bat balio lantzeko aukera izan dugu talde kooperazioa eta kohesioa, inklusioa, berdintasuna, komunikazioa, harremanak, emozioekin konektatzea, errespetua, arreta lantzea, eta baita iritzi kritikoa.