IKASTURTE BERRIARI ONGI ETORRIA

Abian da 2023-2024 ikasturtea Egape Ikastolan.

 

Udako opor egunak atzean utzi eta berriz ere iritsi zaigu Egape Ikastolan ateak irekitzeko garaia. Udako bizipenak gogoan, berriz ere, motxilak bizkarrean hartuta itzuli gara ikasle eta irakasleok geure geletara. Poza, tristurak eta negarrak ere izan dira Ikastolako lehen egun honetan, baina ez dugu zalantzarik, guztion artean, ikasturte berriari ilusioz heldu eta ekingo diogula. 

Haur eta Lehen Hezkuntzako pasillu eta gelak haurren joan-etorriez bete zaizkigu, irakasle berriak nor izango irrikaz asko. Beste batzuk, ezagunak zituzten irakasleak ikusi gogoz. 

DBHn, aldiz, aurkezpen eguna izan dugu. Ikasle taldeak euren tutoreekin elkartu dira eta ikasturte berriko xehetasunak jaso dituzte. Gaur bertan, azken urteetan bezalaxe, “Ongi etorri plana” martxan jarri dugu, ikasturtea modu goxo eta ludiko batean hasteko.

Ikasturte honetan ere sortzen zaizkigun erronka berriei aurre egiteko eskola komunitate osoaren  parte hartzea sustatuz, elkarlanean jarraituko dugu.

Ikasturte BERRI ON GUZTIOI!