IKASLEEN ARTEKO AGENDA 2030 FOROA ETA ALKATEAREKIN UDALBATZA

Urtero bezala Egapeko Ostadar Txiki taldeko ordezkariek Agenda 30 proiektuari amaiera eman diote ikasleen arteko foroan eta udal foroan parte hartuz.


Ikasturte honetako Agenda 30 proiektuari amaiera emateko, ekainaren 7an, Egape Ikastolako DBH eta LH mailako Ostadar Txiki taldeko ordezkariek Urnietako ikasleen arteko Foroan parte hartu dute. Handik 3 egunetara, berriz, ekainaren 10ean, ikasleek Foroan denen artean hartutako konpromisoak eta landutako proposamenak Urnietako alkateari, Jorge Seguradori, luzatu dizkiote. 

Lehendabizi, ikasleen arteko Foroan Eskola Agenda 2030 ingurumen hezkuntza programaren barruan ikasturte osoan zehar burututako jarduerak eta ekintzak aurkeztu dira. Aurten, Garapen Iraunkorreko Helburuen 15. helburua landu dugu: lehorreko ekosistemei dagokionez, basoa izan da aztergaia. Egape BHI Ostadar Txiki taldearen kasuan bideo honen bidez kurtsoan zehar ikastetxean egindako lanketa laburbildu dugu. 

Egape Ikastolako ikasleez gain, beste ikastetxeetako ikasleek ere parte hartu dute Artelatz enpresaren gidaritzapean on line egin den Foroan. Hauek dira, denon artean adostu ditugun konpromisoak:

1. Natura zaindu eta errespetatuko dugu, zaborrik utzi gabe eta 

2. …bertako bizidunak pakean utziz.

3. Animaliaren bat zaurituta aurkituz gero, dagokion lekura deituko dugu. 

4. Mendian, eginak dauden bideetatik ibiliko gara.

5. Basoan, zalapartarik atera gabe ibiliko gara.

6. Herria zaindu eta ez dugu zaborrik lurrera botako eta…

7. …topatzen duguna jasotzeko prest gaude.

8. Suarekin kontuz ibiliko gara.

9. Antolatzen diren landaketa eta garbiketa kanpainetan parte hartuko dugu.

10. Gure bideen berri herritarren artean zabalduko dugu.

Alkatearekin egindako Udalbatzan ikasle guztien artean herriko diagnostikoaren inguruan sortutako proposamenak aurkeztu dira. Alkateak, udal Zerbitzuetako arduradunaren laguntzarekin, proposamen guztiak aztertu ditu eta, banan, banan, erantzun bat eman die. Proposamenak 3 multzo hauetan antolatuak aurkeztu dira: 

- Basoen eta mendiaren zainketa.

- Herritarrei zuzendutako ekimenak.

- Ekipamenduen inguruan.

Ekitaldi honetan bertan ere, datozen 10 urteetarako Buruntzaldea eskualdean Eskola Agenda 30 proiektuan erabiliko den logotipoa aurkeztu da.