IKASKETA ZERBITZUAREN BIDEZ BIRZIKLAPENA SUSTATZEN

DBH 2ko ikasleek BIRZIKLAPENA gaiaren inguruko bi joku didaktiko diseinatu dituzte LH 6. mailako ikasleentzat

DBH 2. mailako ikasleek fisika-kimika arloan “Materia nonahi, birziklatzea ere bai” unitate didaktikoa landu dute. Ikasleek curriculum akademikoarekin loturiko gaiak eta ingurumenaren aldeko baloreak jasotzeaz gain, proiektu bat garatu dute komunitateari zerbitzua eskainiz (ikasketa zerbitzua).

Talde lanean bi jolas didaktiko diseinatu dituzte. Gela bateko ikasleek "pasa palabra" lehiaketako formatua erabiliz, gaiarekin loturiko kontzeptuak eta definizioak lantzeko jokua diseinatu dute. Beste gelakoek, aldiz, “zer edo nor naiz?” tankerako jolasa osatu dute. Proiektua garatzeko 4 ikastordu erabili dira eta Jolas eta Ekin elkartearen lankidetza jaso da. 

Urtarrilaren 9an, ostegunean, DBHko ikasleak LH 6. mailako ikasleen irakasle bihurtu dira euren ezagutzak indartuz eta beste hainbat konpetentzia landuz. LHko ikasleekin praktikan jarri dituzte diseinatutako jokuak eta edukiak eta ingurumenaren aldeko baloreak partekatu dituzte modu ludikoan. Gustura aritu dira lanean eta ondo pasatzeaz gain esperientzia aberasgarria izan da guztiontzat.