"HEZKUNTZAK EUSKARA GEHIAGO BEHAR DU" SINADURA BILKETA KANPAINA

Egape ikastolak bat egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak abian jarritako egitasmoarekin.

Euskalgintzaren Kontseiluak sinadura kanpaina bat abiatu du Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloaren pean, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidaren azken fasean sartu den Hezkuntza Legeari begira. Kanpaina hau irailaren 12an abiatu zen Gasteizen egindako ekitaldi batekin, eta urriaren 15a bitarte luzatuko da.

Euskara eta euskal kultura gure Hezkuntza Proiektuaren ildo nagusietako bat denez, kanpaina honekin bat egiten dugu eta eskola komunitatean zabaltzea erabaki dugu. Horregatik, parte hartzera animatzen zaituztegu.

Sinadura hauen bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:

·     Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.

·     Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.

·     Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

16 urtetik gorako EAEko herritarrek sinatu ahal izango dute eskaria, https://euskaragehiago.eus/ webgunean online.