Bigarren Hezkuntzako EA30 taldeko irakasleek motibazioa eta sentsibilizazioa sustatu nahiean bigarren "pilulatxoâ hau sortu dute hausnarketarako.
Uda amaituta, hegazti askok hemendik alde egin eta latitude beroagoetara jotzen dute, aurten jaiotako kume askorentzat biziraupen-ariketa garrantzitsua izango den negua igarotzera. Paisaiak, berriz, berde biziagoetara eta kolore gorri-horien nahaspilara joko du.
Trantsizio-sasoia da naturan. Udarekin batera, beroa, argia eta eguraldi ona amaituz doaz, eta apurka-apurka iluntasuna, hotza eta nor bere barnera begiratzea nagusitzen hasi dira ingurune naturalean eta gure paisaian. Zuhaitzen hostoek berdetik marroira eta horixkara egingo dute, gure landetako paisaia eraldatuz.
Basoan gabiltzala, jabetuko gara hezetasuna pilatu egiten dela orbel berriaren geruza lodian, aurreko urteetan erori eta honezkero ustelduta dauden hostoen gainean. Geruza horrek gure pausoak hartzen dituen zoru biguna osatzen du, kolorez, tonuz eta ñabarduraz betea. Basoa lasai dago egunez.
Baina ez gaitezen arinegi joan… Ama Lurrak gauza asko du guri erakusteko eta gozarazteko, zalaparta apaldu ahala. Fruitu-sasoia da, eta zuhaitz eta zuhaixka askok beren uzta ematen dute. Gaztaina, ezkur, masusta, garangorri, elorri, sagar, piku… Fruitu horiek animalia askori lagunduko diete janaritegia betetzen, eta neguaren erronka latza gainditzeko koipea sortzen. Hori dela eta, atzera datoz gure baso eta lantzarretara alaitasuna eta oparotasuna; sasietan eta zuhaitz txikietan lanez gainezka dabiltza fruituz eta alez elikatzen diren hegazti txikiak, ornogabeekin batera.
Ugaztun txikiek ere, urtxintxa gorriak eta basasaguak esaterako, soberakina aprobetxatzen dute, eta handiek (azeriak, azkonarrak eta lepazuriak) dieta aldatzen dute aldi batez. Horregatik, urria eta azaroa oraindik garai egokiak dira egun atseginez gozatzeko, zuhaixka baten ondoan ezkutatuta gaudela joan-etorri horiei guztiei begira. Gainera, ugaztun horietako asko gaztetxoak dira, eta haien konfiantzak aukera emango digu behaketak hurbilagotik egiteko.
Trantsizio hori biziro igartzen da migrazioan. Gure kokapena dela eta, Iberiar penintsula zeharkatzeko hegaztiek erabiltzen duten pasabide garrantzitsuenetako batean gaude. Badago fenomenoa behatzeko jarduera egokirik: ekaitza eta haizea dagoen egunetan itsas hegaztiak ikustera joan kostaldeko irtenguneetara; itsasertzeko landetan eta zuhaiztietan ibiltzea ere modu ezin hobea izan daiteke behaketa-egun ederrak igarotzeko, hegazti askok atseden hartzeko beharra baitute itsasotik heldu ostean.
Bestalde, animalia asko aktiboagoak izaten dira neguan, eta horrek aukera emango digu errazago ikusteko. Hala da basoko zenbait anfibioren kasuan, arrabioa edo igel hankaluzea esaterako; baita ere urubi izeneko hontz zalapartatsuaren kasuan, edo belatz handiarenean. Basoko zenbait zuhaixkak, hala nola gorostiak eta erratzak, giroari kolorea emango diote euren fruitu gorriez.
|
|