FAMILIA KIDEAK HOBETO ELKAR EZAGUTZEN TUTORETZA PLANAREN BITARTEZ

DBHko Tutoretza Plana ere egokitu dugu itxialdi honetan hainbat jarduera proposatuz, ikasleen heziketa integralari bide eginez.

Badira bi hilabete gure ikasleak etxean itxialdian geratu zirenetik. Bi hilabete hauetan askotan aipatu dizuegu ikastola eta bertako kideak egoera berri honetara egokitu garela. Batzuk, bideokonferentziaz klaseak ematen eta jasotzen;  beste batzuk plataforma ezberdinak erabiliz digitalki lanak eginez, …

Baina ez gara mugatzen edukiak lantzera eta barneratzera soilik,  gure Hezkuntza Proiektuak argi eta garbi adierazten duen bezala, ikaslea bere osotasunean hartzen dugu eta bere heziketa integrala bermatzen saiatzen gara behin eta berriz. 

Horren adibide honako hau: Ikastolak martxan dituen plangintza eta proiektu ezberdinak itxialdi egoeran ere lantzen jarraitzen dugu, hala nola, Tutoretza Plana.  Astero-astero orientatzailea eta mailako tutoreak tutoretza bilerak egiteko elkartzen dira bideokonferentziaz eta bilera horretan aurreikusten dira ikasle taldearekin landuko diren jarduerak, beti ere lehen aipatu bezala, Hezkuntza Proiektuan zehaztuta ditugun balioak lantzeko.

Azken astean proposatutako jarduera bitxia bezain polita eta erakargarria delakoan gaude, izan ere, familia batzuk horrelaxe aipatu baitigute. 

Aipatu dugun jarduera bitxi honen helburua gure ikasleak bere familiako kideak hobeto ezagutzea da (ama, amona, aitona, aita,...). Honela, ikasleen autoestimua indartu, familiako kohesioa landu, elkar ezagutu eta jakin aurreko pertsonek zuk izan dituzun antzeko bizipenak ere bizi izan zituztela bere gaztaroan.