EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILBURUA ETA LEGEBILTZARREKO HEZKUNTZA BATZORDEKO KIDEAK BIGARREN HEZKUNTZAKO ERAIKINA BISITATU DUTE

Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikinaren inguruan emaitzik ikusten ez badugu ere, hogei urte baino gehiago dira aldarrikapen honen inguruan lanean ari garela.

 

Bigarren Hezkuntzako ikastetxea eraikitzea Eusko Jaurlaritzari dagokio baina horretarako Urnietako Udalak orube bat utzi behar du Hezkuntzaren esku. Eusko Jaurlaritzak 2014-2018 Hezkuntza Azpiegituren Planean jaso zuen Egape Ikastola BHIko proiektua eta 2019-2023 planean adierazten da:  “IES Egape BHI, Urnieta: jarduketak ez du abiatzerik izan planaren indarraldian, orubea eskuratzea hirigintza-garapenak baldintzatzen baitu. Jarduketa hau plan berrian jaso da; bitartean Udala lanean ari da orubea eskuratze aldera”. 

Urte luze hauetan, Udalari behin eta berriz eraikin berriaren beharra adierazi bazaio, urteak joan eta urteak etorri oraindik orubea ez da Eusko Jaurlaritzaren esku jarri.

Horregatik, besteak beste, Eusko Jaurklaritzako Hezkuntza Sailburua, Jokin Bildarratz Sorron, gonbidatu genuen Egapera HH-LH eta DBHko OOG kide guztion babesarekin. Azaroan 24an, etorri zen gure eraikina ikustera eta Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako proiektua martxan jartzeko konpromezua adierazi zigun. Dena den, duela bi urte ere, Olatz Garamendik hitz berdinak esan zizkigun. Hala ere, berri ona denik ezin ukatu!

Bestalde, ate joka nonahi gabiltzala indarrak elkartu nahian eraikin berria lehenbailehen izan dezagun, abenduaren 1ean, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak bertaratu zitzaizkigun ikastolara aurrez luzatu zitzaien gonbidapenaren ondorioz. Honela, Bigarren Hezkuntzako eraikina bisitatu eta gero Lekaio kultur etxean, elkartu ginen udal ordezkariak, legebiltzarkideak, guraso elkarteko kideak eta zuzendariak. Honen ildotik, Hezkuntza Batzordeko kide batek Legez Besteko proposamena egin dio Batzordeari Egape Ikastola BHI zentro berriaren lanak azkartzea eskatuz. 

Dena den, eskola komunitateari eta urnietar orori gai honen inguruan informazioa zabala luzatu nahian, Egapeko Aballarriko 2. alea eraikin berriaren monografikoa izan dadin lanean ari gara.