EUSKARA HOBETZEKO ETA ERABILERA AREAGOTZEKO NEURRI ZEHATZAK EGAPE IKASTOLAN

Gure ikasleek euskaraz komunikatzeko duten konpetentzia hobetzea eta ikastetxean euskararen erabilera areagotzea lehentasunezko lan ildoetako bat da.

 

Azken urteetan kezka sortu digu euskararen erabilera eskasak eta euskara kalitateak behera egiteak. Maiz elkartu gara eta hausnarketa bideratu dugu irakasleen artean eta irtenbide ezberdinak eraman ditugu aurrera.

Esan beharra daukagu azken urteetan gure Hizkuntza proiektua eraikitzen lan handia egin dugula, eta hizkuntzen inguruko erabakiek ez dietela soilik hizkuntza-gaietako irakasleei eragin. Horregatik gure proiektuan jaso ditugu hartutako erabakiak, bereziki, hizkuntzen tratamendu integrala, irakurtzeko konpetentzia eta ahozko adierazpenarena, besteak beste.

Ekintza ugari burutzen ditugu urtez urte, idazleak ekarri ditugu ikastexera, AEKren “eusliderrak” programan parte hartzen dugu udalaren laguntzarekin, HNPn (Hizkuntz Normalkuntza Plana) aspaldiko urteetan partaide gara, “Euskal kulturaz gozatu” ekimena martxan jarri genuen iaz, “Zinema euskaraz” programa martxan dugu, euskal erreferente gazteak etorri zaizkigu geletara, antzerkia, bertsolaritza, irratia bezalako ekintzak aurrera eramaten ditugu, adin ezberdinetako ikasleen arteko topaketak antolatzen ditugu...

Garbi dago, arazoa ez dela gure ikastetxera soilik mugatzen eta irtenbidea ez dagoela eskolaren esku. Dena den, ikasturte honetan pauso bat haratago emanez bestelako erabakiak hartu ditugu gure helburu nagusi hori lortze aldera, hala nola,  Euskara eta Literatura arloari ordu gehiago eskaini dizkiogu. 

Udalarekin elkar lanean aritzeko prest gaude eta ekainean halaxe adierazi genien egindako bilera batean. Dena den ekimen honetan, familien parte hartzea ezinbestekoa da.