EUSKAL HERRIRA IRITSI BERRIAK DIREN IKASLEAK EUSKARAN MURGILTZEN

Ostiral arratsaldetan AEKn jolastuz euskara ikasten.

Gure eskola komunitatea anitza eta aldakorra da, bizi garen gizartearen islada. Urtetik urtera jatorri ezberdinetako ikasleak etortzen zaizkigu ikasturtean zehar. 

Euskara ez dakiten ikasle iritsi berriei euskara jakintzagaia salbuesten zaie eta euskara orduetan HIPI (Hizkuntza Indartzeko Programa) klaseak izaten dituzte, talde txikian eta irakasle batekin. Ikasleei harrera eman eta hauen inklusioari laguntzea ditu helburu nagusi programa honek. Ikasleei hizkuntzaren gaitasun linguistikoak eta komunikatiboak eskuratzen laguntzen zaie klase horien bidez. Horrela ba, klaseetan bultzatzen da euskara bereganatzea bere ikaskuntza eta gizarte-harreman berrietarako, euskal gizartearen usadio eta ohituretan ezagutzea eta integratzea, eta erreferentziako taldearen curriculum-ikaskuntzak.

Aurten, berrikuntza moduan beste indartze jarduera bat eskaini zaie ikasle hauei. Ikasturte hasieran Udalarekin harremanetan jarri ginen gure ikasle hauen egoera azalduz eta laguntza beharra adieraziz. Inguruko herrietako udalen eskaintza aztertu eta gero, hainbat proposamen aurkeztu genituen udaletxeko ordezkariekin egindako bileran. Ondoren, maiatzean, gauzatu da Udalaren eskaintza. Herri mailan, ikasle iritsi berrientzako ikastaroa antolatu da ostiral arratsaldeetan AEKn.