ERAKUSKETA: EGAPE IKASTOLA BERRIA

Ikasleek egindako lanak erakusgai egongo dira Lekaio Kultur-etxean.

Egape Ikastolaren eraikin berriaren inguruan burubelarri jardun dute gure ikasleek azken egunotan. Eraikin berriaren eraikitze prozesuaren lehen urratsak eman diren honetan, gure ikasleei zer nolako ikastola eta ingurua nahiko luketen galdetu zaie. LH 5 eta LH 6.mailako ikasleek Patricia Celaya arkitektoaren bisita ere jaso dute eta lanketa honetan jasotako ideiak bildu ostean, erakusgai egongo dira datorren maiatzaren 2tik 6ra Lekaio kultur-etxean. Era berean, iaz hasitako lanari jarraipena emanez, Bigarren Hezkuntzako ikasleen proposamenak jaso ditugu eta hauetako batzuk, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek maketetan gauzatu dituzte.

Ikasleek proposatutako ideia hauek Egapeko eremu berriaren inguruan lanean ari den eta Patricia Celayak berak gidatzen duen lan-taldeak jaso ditu eta diseinatuko den patio-berriaren proposamenean kontuan izango dira. Modu honetan, ikasleen nahiak eta eskaerak etorkizuneko Egape Ikastola berrian gauzatuak izan daitezen ahaleginik ez da faltako beraz, eta ametsak egia bihurtu daitezen lanean jarraituko dugu. 

Ikasleek eskola orduetan joango dira Lekaiora. Familiek, berriz, asteartean (maiatzaren 4an) eta ostegunean (maiatzaren 6an), arratsaldeko 16:30etatik 18:00ra bitartean erakusketa zabalik izango dute.