EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean ekintza desberdinak izan ditugu Egape Ikastolan

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, eskolan gaia landu dugu EZETZ,  EZETZ  DA.  INDARKERIARIK EZ! lemapean. Lanketa egiteko Hezkidetza lan taldetik luzatutako lan proposamena jarraitu dugu. Jarduera hauen helburua indarkeria sexista prebenitzea izanik, hainbat egoera sexista identifikatu eta  hausnarketa egitera bideratuta. 
Lehenengo zergatik ospatzen den azaroaren 25a jakin dugu: 1981ean Bogotan (Colombia) Karibeko eta Hegoamerikako 1. topaketa feministak burutu ziren eta horietan  azaroaren 25a Emakumearekiko Indarkeriaren  kontrako Nazioarteko eguna izendatu zen. 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo  diktadorearen poliziek bortizki hil  zituen Miraval ahizpak. Emakume horiek  Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren eta haien  hilketa oroitzeko  mugimendu feministak data hori hartu zuen emakumeenganako indarkeria sexistaren aurkako eguna bezala. Geroago, 1999. urtean, Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen kontrako bortizkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna” izendatu zuen. 
Ondoren, ziklo bakoitzari zuzendutako lanketa egin dugu. Haur Hezkuntzan Super Lola, Arrosa eta leuna, Lau izkin ziztrinengatik eta Derrigorrez, musurik ez ipuinak landu ditugu. Lehen Hezkuntzan berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdintasun sailetik martxan jarri duen PAUSSO programaren lanketa egin dugu, adin tarte bakoitzak dagokion ikus-entzunezko bat landuz.
Amaitzeko, egunean bertan, frontoi txikian horma irudi erraldoi bat osatu dugu geletan egindako lanen bilketarekin. 
Bigarren Hezkuntzan ikasleen “Batera Gara” taldeak hainbat ekintza antolatu ditu, datorren asteko boletinean erakutsiko direnak.