EGAPE IKASTOLAKO IRAKASLEEK GREBA DEIALDIAREKIN BAT EGIN DUTE

Hezkuntza mailako sindikatu guztiek irailaren 15erako greba deialdia egin dute eta ikastolako irakasleen gehiengoak bat egingo du egun osoko grebarekin.

“Aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostu baten alde” izenburupean egindako greba deialdiarekin bat egin du Egape Ikastolako irakasleen gehiengoak. Ikastolak gutxieneko zerbitzuak bermatu behar ditu eta, ondorioz, eskola zabalik egongo da, baina ez da ohiko jardunik izango.

DBH 3 eta 4. mailako ikasleek irailaren 16an hasiko dituzte eskolak ohiko ordutegian, hau da, 8:30etik 14:00ra. Beraz, irailaren 15eko aurkezpen egunik ez dute izango.

Familiei bidalitako oharrean, grebaren arrazoiak azaldu zaizkie eta irakasleekin bat egin dezaten  eskatu zaie seme-alabak ikastetxera ez eramanez eta mobilizazioetan parte hartuz.

Irakasleen eskaerak honako hauek dira:

  • Ordezkapenak betetzea lehenengo egunetik lanpostu guztietan.
  • Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea.
  • Langile guztientzat protokoloak jasotzen dituen NBEak (EPIak) ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan.
  • Ikasleen artean 1,5 metroko distantzia bermatzea, ikasgeletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik.
  • Ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea.
  • Arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea: arrakala pedagogiko, sozial, teknologiko, eta bereziki euskarari dagokionari erantzuteko bitartekoak.
  • Curriculamaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz.
  • Egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak.
  • Langileen plantilla gehikuntza.