DBHKO IRAKASLEEN FORMAZIOA: "ESATEAREN EDERRA"

DBHko irakasleek 20 orduko ikastaroa jasoko dugu Julia Marin Arteaga irakaslearen eskutik, testu idatziak ahots gora irakurtzen ikasteko eta euskara naturala bermatzen duten prosodia gaiak jorratzeko.

Iazko ikasturtean irakasleok, irakurketaren ulermenaren inguruko formazioa jaso genuen. Ondoren, ikastolako Irakurketa plana osatzen hasi ginen aurreko ikasturtearen amaieran, aurrerantzean ikasleekin curriculumeko arlo guztietan irakurketaren ulermena landu ahal izateko.

Aurten, plana borobildu nahian, DBHko irakasleok 20 orduko ikastaroa jasoko dugu Julia Marin Arteaga, antzerki itzultzailea eta komunikazio tekniketan trebatua dagoen irakaslearen eskutik.

Ikastaroan “Esatearen ederra”, testu idatziak ahots gora irakurtzen ikasiko dugu eta euskara naturala bermatzen duten prosodia gaiak jorratuko, Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordearen filosofia abiapuntutzat harturik. Irakasleok irizpideak jasoko ditugu eta entrenamenduaren bidez paperaren eta ahozkoaren arteko zubia eraikitzen ikasiko dugu. Kontua da hitzei musika jartzea, testua “kantatzea” partitura bat balitz bezala.

Ikastaro honen helburuak honakoak dira:

  • Euskararen prosodian jabetu eta doinua automatizatzea.
  • Irakasleak trebatzea irakurketa zuzena eta bizia egiten.
  • Ikasitakoa ikasgelan berehala aplikatzen hastea.
  • Baliabideak eskuratzea irakurmena eta ahoskera lantzeko eta ikaslearen komunikazio gaitasuna garatzeko.
  • Ahoskerarekin zerikusia duten alderdien gaineko eztabaida eta hausnarketa bultzatzea.

Lantegi honetan irakasleok testu idatziak ahots gora irakurtzen trebatuko gara, ikasleen ahots gorako jarduenak zuzentzeko eta aldi berean ikasleei ahoskeraren inguruko jarraibideak emateko.