COVID PROTOKOLO BERRIA, BERRI GUTXIREKIN!

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko hezkuntza antolatzeko protokolo berria bidali du ikastetxeetara, eta COVID-19aren aurkako neurriak oso gutxi aldatu zaizkigu.

 

Lehen Hezkuntzan, ez da aldaketa nabarmenik ezarri. Espazio itxietan burbuila edo bizikidetza taldea gela izaten jarraitzen du eta aire zabalean, maila bereko ikasleak elkartu daitezke.  Gainera, Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetan aukera eman zuen ikasgeletan lau edo bost ikasleko taldeak osatzeko, kideen artean distantziarik eduki gabe, baina taldeen artean metro eta erdiko tartea mantenduz; orain, 1,2 metroko distantzia eduki beharko dute talde batetik bestera.

Maskararen erabilerari dagokionez, ez da aldaketarik egongo LHko ikasleentzat: 1.mailatik aurrerako ikasleek uneoro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Hau da, orain arte bezala, maskararekin egin beharko dute Gorputz Hezkuntza, eta jantzita eduki beharko dute patioan ere.

Komunikabideetan aipatu bada ere, DBHko ikasleek musukorik gabe ibili daitezkeela jolas garaian ez da erabat zuzena. Ikasleek aire zabaleko jolasetan eta jardueretan nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatzen ez bada. Gure nerabeen ohiturak kontuan hartuta, inoiz ez da distantzia hori errespetatzen eta beraz, musukoarekin jarraitu beharko dute.  Bestalde, kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, eta jaten edo edaten ari direnean, kendu dezakete maskara.