BORDELERA FRANTSESA PRAKTIKAN JARTZERA

DBH 4. mailako frantseseko ikasleek aukera izan dute aste honetan 2 egunez Bordele ezagutzeko.

Egape Ikastolako Hizkuntza proiektuan argi ageri den moduan gure ikasleei lau hizkuntzetan moldatzeko aukera ematen diegu. DBHko 4 mailetan frantsesa lantzen aritu diren ikasleei ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera paregabea eskaintzen diegu eta honela, Bordelen izan gara bi egunez mintza praktika egiten. Honetaz gain, Bordelek eskaintzen dituen aukera paregabeaz gozatzeko aukera izan dugu.

4. mailako ikasleak eta bi irakasle trenez joan ginen, eta behin hirira iritsita, hasierako kontuak egin genituen: lo egiteko aterpea ezagutu eta bertan motxilak utzi. Hori guztia eginda, hiria apur bat ezagutzera abiatu ginen, eta bide batez ea bazkaltzeko leku aproposen bat bilatzen genuen. Ibai ondoan parke handi bat zegoenez eta eguraldia ere bikaina zenez, bertan mokadu bat egin genuen, gerora hirian paseatuz hura ezagutuz segitzeko. 

Arratsaldean, tranbia hartu eta Ludmila Niangenkin elkartu ginen, Bordelen gure gida izan zena. Ordu eta erdiz Bordeleko leku esanguratsuenak erakutsi zizkigun, eta zenbait tokitako bitxikerien berri ere eman zigun frantsesez. Une oro aritu zen ikasleen parte hartzea bultzatuz. Hiriko katedrala ikusi genuen; Quinconces, non bere garaian gaztelu handi bat zegoen, eta baita azken hilabeteetako protesten ondorioz erre duten udaletxeko atea. 

Gidarekin eginiko bisita amaituta, berriro geure kabuz ibili ginen, kalez kale, bertako giroa ezagutuz, eta afalzeko leku baten bila. 

Aterpera garaiz itzuli ginen, futbolzale asko baititugu ikasleen artean, eta, Realak partida zuenez, Donostiako giroaren berri ere eduki nahi zuten. Halere, horren aldean, argi dugu Bordele bisitatzea partida baino interesagarriagoa dela.

Hurrengo goizean, La Cité du Vin bisitatu genuen. Zortekoak izan ginen, bista panoramikoaz gozatzeko aukera izan baikenuen ezer ordaindu gabe! Urnietarron trikimailuak! Grand Theatre ere ikusi genuen, kanpotik, eta Quinconceseko brokantea ere bai. Azken erosketak egin ondoren, hiriko katedrala barrutik ikusteko aukera izan genuen. Ondoren, trena hartu, eta gero arte bat esan genion Bordeleri.

Oso bidaia interesgarria izan da, eta ikasleek aukera izan dute beren frantsesa pixka bat praktikatzeko eta batez ere bertako herritarrak frantsesez entzuteko.