BIZITZARAKO IKASGAIAK “EL LAZARILLO DE TORMES” ANTZEZLANAREN BIDEZ

Aste honetan, Egapeko DBH 3. mailako ikasleak "El Lazarillo de Tormes" antzezlanaren egokitzapena ikustera joan dira.

Kritikoek obra hau lehenengo eleberri modernotzat hartu dute eta, hain zuzen ere,  DBHko 3. mailako curriculum barruan dauden klasikoetariko bat da. Beraz, gazteleraz egindako emanaldi honek Errenazimentuko klasikoetara modu atseginean hurbiltzeko aukera eman digu.

Lazaroren istorioarekin pertsonaiaren eboluzioaren lekukoak izan gara. Antzeman dugu bera nondik datorren eta zein den bere jatorria, lagundu diogu bere bidaia gogorrean, jabez jabe, miseriaz miseria. Berarekin ikasi dugu bizitza latza dela eta ze garrantzitsua den egokitzen jakitea. Pixkanaka, pixkanaka ulertu dugu ere berak zergatik hartu dituen harrigarriak diren hainbat erabaki. 

Azken finean, pertsonaiarekin batera eta ia konturatu gabe, guk ere eboluzionatu dugu; irakurle eta ikusle gisa eta, batez ere, izaki gisa asko ikasi baitugu gizarteari buruz eta pertsonei buruz, beraien konplexutasun osoan.