Guraso elkartearen azken idatzia Jokin Bildarratz Hezkuntzako Sailburuari.
Hiru hamarkada daramatzagu Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikin berria aldarrikatzen. Ohiko prozedura da Udalak orubea Hezkuntzaren esku utzi eta gero, honek eraikinaren proiektua egin eta eraikitzea. Ikusirik, gure eskaera antzua zela, 2020ko azaroan Hezkuntzako Sailburua gonbidatu genuen ikastolara gure ikastetxea ezagutu eta zuzenean gure eskaera entzun zezan.
Orduan ez-ohiko prozedura jarri zen martxan eta Gipuzkoako arkitektoarekin proiektuaren zirriborroa egin genuen bizpahiru hilabetetan. Onarpena jaso eta gero, Lakuarako bidea hartu zuen eskolaren ametsak. Lakuan proiektua bideratu zuten duela lau ikasturte baina oraindik guk zain jarraitzen dugu.
Denbora luze honetan, Azkorte Guraso elkartea, zuzendaritzak… jarraipen bilerak egin ditugu Udaletxean alkatea eta zinegotziekin. Harremanak mantendu ditugu Lakuako arkitektoarekin, Jaurlaritzako azpiegituren zuzendariarekin eta Sailburuarekin, informazioa lortu eta gure aldarrikapena bizi-bizi mantendu dugu. Guraso elkarteak behin baino gehiagotan gonbidatu du Bildarratz Sailburua eta bizpahiru idatzi ere bidali dizkio.
Espedienteak ikasturte osoa darama Kontratazio Mahaian oniritzia jaso zain. Ondoren obra lizitaziora bideratu behar da, gutxi gorabehera urtebete iraun dezakeen prozesua. Ondoren, ikastetxea eraikitzen hasiko lirateke. Amaierarik gabeko itxaronaldia!!!!!!
Ikusita denbora luze doala, Azkorte Guraso elkarteak, beste behin ere, honako idatzia igorri dio Jokin Bildarratz Hezkuntzako Sailburuari:
“Bildarratz jaun agurgarria:
Aste honetan jaso dugu Egape BHIko zuzendaritzatik benetan haserrarazi gaituen azkeneko berria (berria esatearren, zeren oraindik zaharrak dira berri). Egape BHI eraikin berriaren espedienteak Kontratazio Mahai Zentralean bere horretan dirau, eskola garraioarekin dauden arazoak direla medio. Eta horrela gaude irailetik, 9 hilabete!
Martxoaren 7ko idatzian aipatu bezala, ez zaizkigu oso ezagunak ez administrazioaren funtzionamendua ez admnistrazio epeak. Baina uste dugu zentzuzko logikaren barnean sartzen dela galdetzea gai batek nola geldiarazi dezakeen Kontratazio Mahai Zentrala. Hori ez dugu ulertzen. Eta azalpenen faltan irudimena lanean hasten da. Ez ote dago nahiko teknikari eskola garraioa ez den beste gaiak lantzeko? Agian, atzeko interes ezkutuak daude Urnietan eskola publikoa ez bultzatzeko? Agian....
Azalpenak eskatu genizkizun aurrekoan eta Alfredo Ruizek erantzun zigun oraindik dena Kontratazio Mahaiean zegoela, orain bezalaxe.
Oraingoan ere, azalpenak eskatzen dizkizugu. Izan ere, ez zaigu bidezkoa iruditzen atzerapen hauen azalpen eskaerak Hezkuntza Sailburu berriari eskatzea, berak ez baitu kudeatu orain artekoa. Azalpenen beharrean gaude, lehen esan bezala, justifikazioak.
Dena den, ez dugu esperantza galtzen eta irmo eta tinko jarraituko dugu borrokatzen URNIETAN HEZKUNTZA PUBLIKOA BERMATUKO DUEN KONPROMISO SINISGARRI BATEN ALDE ETA, BATEZ ERE, BERRIRO DENBORAN LUZATU EZ DADIN.
Bene-benetan eskertuko genizukeen bilera bat egiteko prestutasun osoa dugu.
Zure erantzunaren zain, agur t'erdi.”
Bildarratz Sailburuak, zuzendaritzatik eta guraso elkartetik idatziak jaso ondoren, DBHko zuzendariarekin harremanetan jarri zen eta bere hitzetan, gure haserrea eta egonezina ulertuz ekintzekin erantzun nahi izan digu. Horregatik, ekainaren 18an, Gobernu Kontseiluan Egape Ikastolako aurrekontua eta esleipena onartuko zela aipatu zuen eta datorren ikasturtearen bukaeran, obrak hasteko moduan egon daitezkeela.
Honen harira, asteartean, ekainak 18, 12,6 milio euroko aurrekontua onartu zen Egape Ikastolako eraikin berria eraikitzeko. Informazioa ikusteko esteka.