AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

2023-2024 ikasturtean ere, azaroak 25a aldarrikatu beharra izan dugu, gizartean emakumeen aurkako indarkeria ez baita desagertu.

 

Ikastetxeak konpromiso irmoa du berdintasunean heztekoa. Ezinbestekoa baita berdintasunezko harremanak sortzea indarkeria matxista desagertzea nahi badugu.

Egape BHIn ostiraleko jolas aurreko saioetan landu zen gaia gela guztietan. Maila bakoitzean emakumeen aurkako indarkeriaren hainbat alderdi landu ziren: indarkeria motak, harreman osasuntsuak, maitasun erromantikoaren uste okerrak, ezkontza behartuak… Saioen amaieran indarkeria jasan duten emakumeei babes mezua idatzi eta patioko muralean itsatsi genituen.

Egape BHIko Batera Gara hezkidetzaren aldeko taldeak lan polita egin du guztia antolatzen.

Bestalde, Urnietako Udalak egindako proposamenari helduz, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek “Soy una puta Menina” antzezlana ikusteko parada izan dute Sarobe Arte Eszenikoen Guneran. Ikuskizunaren mezu nagusia norberarekiko eta norbere gorputzarekiko maitasuna da. 

HH eta LHko ikasleentzako ere hausnarketa egunak izan dira. Alde batetik, LH6ko ikasleek gaiari buruzko koplak landu dituzte eta azaroaren 24ean beste gela batzuetan eta patioan abestu dituzte. Bestetik, adin tarte bakoitza kontutan izanda, gelan hanbait lanketa burutu dira jarduera ezberdinen bitartez: zergatik ospatzen den, zeintzuk diren egoera larri horiek, zer egin daiteke ekiditeko… bezalako galderak landu ditugu. 
Horrez gain, pasiloak apaintzeko tartea izan dugu.