AURTEN ERE, BIGARREN HEZKUNTZA GIZA GARAPEN JASANGARRIAREKIN KONPROMETITUTA

Ikasturte hasieran Egape Ikastola BHI Jolas eta Ekin erakundearekin bildu gara aurtengo egitasmoa zehazteko.

 

Ikasturte hasieran Jolas eta Ekin erakundearekin bildu gara aurtengo egitasmoa zehazteko. Iaz konfinamendu egoera dela eta hainbat proiektu bertan behera geratu baziren ere, ikasturte berri honetan eta beti ere errealitate berrira egokituz ilusioz heldu diogu lanari. 

Jolas eta Ekin-ekoekin dugun hitzarmen honen bidez DBHko irakasleek laguntza jasoko dute hainbat proiektu Ikasketa Zerbitzu bidez garatzeko. Metodologia honen helburua komunitatearen onurarako den zerbitzu bat egitea da. Era berean, ikasleek eskolan ikasten dutena gizartean indartzen eta hobetzen dute, giza-baloreak eta curriculumak zehazten dituen gaitasunak uztartuz. 

Hitzarmen honi esker, Egape Ikastolak bere ildo pedagogiko nagusiak elkartzen ditu Jolas eta Ekin erakundearekin, hala nola, Hezkuntza Kritikoa, Herri-Hezkuntza, Proiektuen Bidezko Ikasketa, metodologia parte-hartzailea, lan kooperatiboa edota Ikasketa Zerbitzua. 

Jolas eta Ekin euskal hezkuntza sisteman 12 urteko ibilbidea duen aholkularitza zentroa da eta egun elkarlanean aritzen da Euskal Erkidegoko beste 11 ikastetxetan eta aisialdi eskoletan. 

Aurten ere, lau proiektu bideratuko ditugu, DBHko maila bakoitzeko bat. DBH 4. mailako ikasleek Tokiko komertzioaren inguruan arituko dira eta DBH 3. mailako ikasleek globalizazioa, garapena, giza eskubideak eta kontsumoa batuko duen proiektua landuko dute  Alboan GKErekin kolaboratuz. DBH 2. mailako ikasleek, berriz, kontsumo arduratsua eta iraunkortasuna landuko duen proiektua abian jarriko dute eta DBH 1. mailako ikasleek “giza eskubideak eta herritartasuna” gaiaren inguruko proiektua bideratuko dute.

Proiektuen ildo nagusiak adostu baditugu ere, aurten, hainbat muga izango ditugu pandemiak sortutako egoeraragatik, dena den, ikasleek antolatuko dituzten ekintza edota jardueretan familien partaidetza garrantzitsua izango da, herritarren inplikazioa zenbat eta handiagoa izan proiektuen eraginkortasuna ere halakoa izango da eta. Honek gure gaztetxoak motibatuko ditu eta hiritartasunaren balioa bereganatzen lagunduko diegu.