2021-2022 IKASTURTEKO BIGARREN OOG BILERA

Otsailaren 23an, Egape Ikastolako ikasturteko 2. OOG bilera egin genuen.

Bigarren bilera honetan ohiko izaten da balantze ekonomikoa onartzea. Bestalde, urtarrilaren 17tik 28ra bitartean aurrematrikulazio kanpaina izan genuen eta lortutako datuak aurkeztu genituen. 2 urteko gelarako 28 ikaslek izena eman dute, 5 urteko gelarako ikasle batek eta DBH 1. mailarako 35 ikaslek.

Horretaz gain, Egape Ikastolako eremu berria hizpide izan genuen. 

Batetik, Hezkuntza 5000m2ko eremua eraikitzeko proiektuaren pliegoak egiten ari da. 2-3 hilabete barru proiektua bukatuta egotea aurreikusten da. Ondoren, obra lizitaziora aterako da eta prozesu honek urte bukaera arte iraun dezakeela pentsatzen da dena ondo badoa. Bestalde, Udala orubea prestatzeko urbanizazio lanetan ari dela azaldu genuen. 

Egape Ikastolako eremu berriak, beste 3000m2ko orubea ere izango du. Hau Udalaren esku dago eta honek konpromisoa hartu du eremua Egape Ikastolako patioan integratzeko. Eremu honetan patio inklusiboa eraiki nahi da eta proiektua egiteko lan taldea osatu da Egapeko familietako profesionalekin martxoaren 3an egindako bilera batean. Udalak proiektua gidatzeko perfil egokia duen lan talde horretako profesional bat kontratatuko du. Animo eta ilusio handiz ekingo diogu lanari gure ametsetako Ikastola errealitate bihurtzeko.