IKASTURTEKO 2. OOG BILERAREN LABURPENA

Martxoaren 20an 2023-2024 ikasturteko 2. OOG bilera egin genuen.

 

Bileran gai-ordena hau izan zen: aurreko aktaren onarpena, Ebaluazio Diagnostikoa, balantze ekonomikoa, aurrematrikulazioa, eraikin eta patio berriak, Udalaren erantzunak,  materialen behin-betiko baja eskaera eta galdera-erantzunak..

Aurreko akta onartu ondoren, 2023an LH 4 eta DBH 2 mailetan egin zen Etapa erdiko Ebaluazio Diagnostikoaren berri eman zen: ebaluatutako  konpetentziak, emaitzak eta ondorioak azaldu ziren. 

Gainera, 2023 urteko balantze ekonomikoak eta 2024rako aurreikuspenak aurkeztu eta onartu ziren. 

Bestalde, otsailean izandako aurre-matrikulazioaren datuak azaldu ziren. 

Udalari egindako eskaeren inguruko erantzunak ere komunikatu ziren: udalak HLHko eraikinean aurreikusita dauka eraikinaren inguratzaile energetikoa hobetzeko proiektua aurten abian jartzea; estolderiaren gaia aztertu egin beharko da; eta atezain eskaerari buruzko erantzun ofizialik ez da jaso.

Egape ikastolako eraikin eta patio berriaren inguruan otsailaren 27an udaletxean izan zen bileraren berri eman zen. Hezkuntza sailari dagokionez, eraikinaren obraren lizitazio espedientea oraindik Kontratazio Batzorde Nagusian dago, urrian bezala. Guraso elkarteak bilera eskatuko dio Jokin Bildarratzi, guztiok sinatuta. Patioari dagokionez, udalak lizitaziora ateratako obra “Otegi Gaztañaga” enpresak hartu du. Apirilean 1. fasea hasiko da (lur mugimenduak, ur-bilketa…).

Ordenagailu zaharkituen behin-betiko baja eskaera tramitea burutu zen. 

Bukatzeko, galdera-erantzunetarako tartean, DBHko ikasketaburuak aipatu zuen gurasoen artean badagoela kezka Etapa amaitzean ikasleen mailaren ingurukoa, batez ere Gazte eta Mate ikasgaietan. Ondorioz, datuak eskuratzeko ahalegina egin da eta lortutakoen arabera, Batxilergoko 1. mailan ikasleek bi ikasgaietan 2. ebaluazioan izan dituzten emaitzak egokiak izan dira.