5. MAILAKO IKASLEAK ARANTZAN

5. mailako ikasle eta irakasleak Arantzan egon ginen maiatzaren 30 eta 31an.

Maiatzaren 30 eta 31an Arantzako aterpetxera joan ginen. Maleta eta lo zakua hartu eta bi egun zoragarri pasatzeko prest autobusa hartu genuen Urnietan. Eguraldia ez genuen lagun izan hasieran, baina gero arratsaldean euriak deskantsu txiki bat eman eta San Juan Xarreko ibilbidea egin ahal izan genuen. Ezagutzen al duzue Juantxoren historia? Kondairak dio Juantxo Arantzan bizi zen gizon bat zela. Bere emakumeak azaleko gaixotasun bat zuen eta hiltzeko zorian zegoen. Egun batean, Juantxo mendira joan eta euria hasi zen. Euritik babesteko erreka ondoan zegoen kobazulo batean itxarotea erabaki zuen. Bertan zegoela errekatik emakume bat irteten zela ikusi zuen. Emakumea gerturatu zenean ahate oinak ikusi zizkion… Kondaira nola bukatzen den jakin nahi al duzue? Gerturatu Arantzara eta San Juan Xarreko ibilaldia egin ondoren, bilatu erreka ondoan dauden zapi batzuk. Agian Juantxoren bihotza entzuteko aukera ere izango duzue. 

Hurrengo egunean zuhaitz parkera joateko aukera paregabea izan genuen. Tximuen antzera zuhaitzetik zuhaitzera ibili ondoren, motxiletan azken gauzak sartu eta Urnietara itzuli ginen. 

Izugarri ongi pasa genuen eta berriro ere itzultzeko irrikitan gaude!