URRIAN HASI DIRA ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK

Egape Ikastolan berriro ere, eskolaz kanpoko jarduerei ekin diegu urriaren 2an.

 

Egape dantza taldeak irailaren 18an abiatu bazuen ere ikasturte berria, gainontzeko jarduerak urriaren 2an hasi dira. Ikastolako ikasleek ikasturtean zehar eskolaz kanpoko hainbat jardueretan parte hartzen dute. Jarduera hauek ikasleak pertsona gisa osotasunean hezten laguntzen dute, horretarako funtsezko konpetentzia ezberdinak garatzen eta osatzen dituztelarik. Bereziki, kontzientzia eta adierazpide kulturalerako konpetentzia, pertsonala, soziala eta ikasten ikasteko konpetentzia eta, noski, herritartasunerako konpetentzia. Horregatik dira guretzat irakasgai aurreratuak.

Haur hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan “ABALLARRI familia elkarteak” kudeatzen ditu jarduera hauek. Bigarren hezkuntzan ordea, kudeaketa zuzendaritza taldearen esku geratzen da. Aurtengo eskaintzaren ostean, eta taldeak osatu ahal izateko gutxieneko kopurua beharrezkoa dela kontuan izanda, hauek dira aurtengo ikasturtean eskainiko diren jarduerak.