UDAZKENEKO HOSTOAK ETA IPUINEN MAGIA

Familien bisitak, naturaz eta ipuinen magiaz gozatzeko aukera ederra.

Urrian, “Familiak Ikastolan” ekimenaren barruan, bi familien bisita jaso dugu 3 urteko geletan. Oso esperientzia politak izan dira, eta poz handiz partekatu ditugu une berezi hauek.
Lehenengo bisitan, Jokinen familia etorri zaigu. Asteburuan mendian bildutako hostoak ekarri dizkigute, eta haien laguntzarekin trikuaren eskulana egin dugu. Trikua hostoz bete dugu eta begitxo bat jarri diogu. Haurrak oso gustura aritu dira jardueran, material naturalekin esperimentatzen eta eskulana egiten.
Bigarren bisitan, berriz, ipuinen magiaz gozatzeko aukera izan dugu. Mikelen ama, Amparo, etorri zaigu ipuin bat kontatzera, eta Orioko Peio erraldoi arrantzalearen istorioa ezagutzeko aukera izan dugu. Oso gustura egon gara Amparorekin, istorioari adi-adi entzuten eta kontakizunaz gozatzen.
Eskerrik asko bi familiei gurekin une hauek partekatzeagatik! Oso aberasgarria da familiak ikastolako egunerokoan inplikatzea eta elkarrekin hain esperientzia politak bizitzea.
Animatu zuek ere zuen seme-alaben geletara etortzera! Zuen bisitek ilusio handia egiten diete haurrei, eta aukera paregabea dira elkarrekin esperientzia berriak, istorioak eta une bereziak partekatzeko. Zuen ekarpenak aberastu egiten du ikastolako egunerokoa. Zuen zain gaude, ilusioz eta besoak zabalik!