"Ongi Etorri" plana

2015-2016 ikasturtean, Bigarren Hezkuntzan, plangintza berezia sortu genuen gure ikasleek ikasturtearen hasiera samurra izan zezaten eta ikasle irakasleon arteko elkar ezagutza bermatzeko asmoarekin. Plangintza urtez urte osatzen eta berritzen joan gara ikasleak eta irakasleok urtero egindako balorazio eta proposamenak aintzat hartuz. Honela, “Ongi Etorri” plana gure ikastetxean errotuta daukagu eta bereizgarri egiten gaitu.

 

 

Plana  jarduera anitzen programa da: talde dinamikak,  jolasak, hausnarketara bideratutako jarduerak… Ikasturteko lehen hiru egunetan, jolas garaia bitarteko saioetan, saio arruntak eteten ditugu, talde kohesioa, elkar ezagutza eta elkarbizitza positiboa sustatzeko helburuarekin. 

Talde bakoitzeko tutoreaz gain,  bigarren irakasleak ere parte hartzen du guztia dinamizatzen. Honela ikasle eta irakasleon arteko harremana estutzeko aukera ezin hobea izaten dugu. Gainera, ikasleei buruzko informazio zabala jasotzen dugu, baita taldean sortzen diren harremanei buruzkoa ere.  Informazioa ikasleen jarraipen zuzenagoa egiteko baliagarria zaigu baita talde kooperatiboak sortzeko ere.

Egapen sortutako “Ongi etorri” plana beste ikastetxe batzuentzat eredu bilakatu da eta gure esperientzia beste profesionalekin partekatzen ari gara.