HEZKIDETZA ETA GENERO INDARKERIAREN PREBENTZIOA LANTZEKO PLANA

Gizartean ematen diren etengabeko aldaketek eragin zuzena dute hezkuntza sisteman. Hau dela eta, ikastetxean hezkidetza, prozesu jarrai baten bidez barneratzea ezinbestekoa da, pertsonen garapen integrala bultzatzeko, genero estereotipoak ezarritako mugak eta jokabide sexistak gaindituz. 

Gure Hezkuntza proiektuan jasota daukagun bezala, ikastolak, ikasleen arteko harremanak berdintasun iraunkorretik sustatzeko konpromisoa du. Hezkuntza ez sexistaren aldeko hautua egiten dugu eta curriculum guztietan zein arlo ez curricularrean genero ikuspegia txertatzen dugu.

 

 

Zer lortu nahi dugu ikasleekin hezkidetzaren bitartez?

  • Genero desberdintasunak desagertzea. 
  • Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea.
  • Identitate aniztasuna errespetatzea, guztion garapen pertsonala ahalbidetuz. 
  • Hausnarketarako guneak sortzea.
  • Gaitasunak, trebetasunak eta bizitza proiektuak genero ikuspegitik at lantzea.
  • Curriculum edukietan, emakumeen ekarpenak ikusaraztea. 
  • Eskola sistemaren egituretan eta pertsonengan eragitea.

 

HH-LHn 2013-2014 ikasturtean hasi ginen Berritzeguneko Hezkidetza mintegian parte hartzen. Aurretik ekintza desberdinak burutu genituen baina sistematizatu gabe. Gai honi erantzuna emateko Ikastolan lan talde bat osatu eta 2016-2017an Hezkidetza Plana burutu genuen. Geroztik, Hezkidetza arduradunaren bidez eta Elkarbizitza lan taldearekin batera lan eginez ekintzak aurrera eraman ditugu ikasturtean zehar eta bereziki, Emakumearen genero indarkeriaren aurkako egunean, Emakumearen nazioarteko egunean eta LGTBI+ fobiaren kontrako egunean.

DBHn hezkidetza, urteetan zehar  sentsibilizazio eta ekintza zehatz batzuen bidez landu izan dugu. 2016-2017 ikasturtetik, Hezkidetza Plana egin genuenetik,  modu estrategiko eta sistematikoan lanean dihardugu, gure ikas-komunitatean eragin eta aldaketa esanguratsua lortzeko.

Gure eguneroko jardunean, DBHn, hezkidetza ikuspegiak presentzia izan dezan eta Hezkidetza planean txertatutako jarduerak burutzeko, irakaslez osatutako Hezkidetza taldea dugu. Irakasleontzat sentsibilizazioa areagotzeko formazio saioak antolatzeaz gain, ikasleen Hezkidetza taldearekin elkarlanean, egun bereziak prestatu eta lantzen ditugu (azaroak 25, martxoak 8, maiatzak 17). Honetaz gain, bi eraikinetan ditugun “Txoko Moreak” ere dinamizatzen ditugu. Guztia,  berdintasuna lortzeko helburuarekin.