Egape Ikastolak elkarbizitzaren alorrean agertu izan duen kezka aspalditik dator. 2004-2005 ikasturtean jada, familientzat hitzaldiak antolatzen hasi ginen gai honen inguruan alderdi desberdinak landuz. Handik aurrera ikasleak, irakasleak, aholkulariak eta orientatzaileak formazio ugari jaso izan dugu gai honen inguruko aspektu desberdinez jabetzeko.
2009-10 ikasturtean HH-LHn Elkarbizitza Plan bat eratu genuen. Ikastolako estamentu guztiek parte hartu zutelarik, besteak beste, jangelako langileak, ikasle, irakasle eta familiek. Eta 2010-2011 ikasturtean, berriz, BHIn Elkarbizitza plana osatu genuen. 2011-2012 ikasturtetik aurrera DBHn Elkarbizitza Batzordea martxan dugu. Beraz, HH-LHrako plan bat dugu eta beste bat DBHrako eta jardueren jarraipena, ebaluazioa eta eguneratzea dagokion taldeak egiten du.
HH-LHko estamentu guztien artean adostutako definizioa honako hau duzue: “Ikastolako kide guztion parte hartzea esparru batean, non denok, adostutako funtzionamendu arauak egonik, gustura sentitu, errespetuz eta askatasunez erlazionatu eta gatazkak era positiboan eraldatzeko gai izango garen.”
DBHn, berriz, bertako familia, irakasle eta ikasleek denok batera Elkarbizitzaren definizioa honako esaldian biltzen dugu: “ Elkarbizitza positiboa, elkarrekin bizitzea eta lan egitea da, elkar errespetatuz, enpatiaz, solidaritatez eta elkar ulertuz.”
Elkarbizitzarako helburu orokorren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa erraztu eta bultzatzeko hainbat organo, egitura eta figura zehaztu ditugu: Elkarbizizta Behatokia, Elkarbizitza lan taldea, Elkarbizitza batzordea, Hezkidetza taldea eta BAT talde dinamizatzailea.
HH-LHn Elkarbizitza Behatokiaren organoa dugu. Bertan Ikastetxeko elkarbizitza kudeatzen da eta honako hauek osatzen dute: jangelako arduradunak, zuzendariak, hiru familia ordezkarik eta behatokiko koordinatzaileak (guztira sei pertsona). Bere xedea da, harreman positiboak bultzatzea, zuzentasuna, berdintasuna, elkartasuna, elkarrekiko errespetua eta indarkeriarik ezaren balioak. Urteko Elkarbizitza Plana eratu eta bere jarraipenaz arduratzen da. Behatoki honen bidez komunitateko kide guztiak baloratu eta entzuten ditugu eta ikastetxean erantzunkizuna eta partaidetza dute erabakiak hartzeko garaian.
DBHko Elkarbizitza Planaren xedea ikas-komunitateko pertsona guztien arteko harreman positiboak eta elkarbizitza osasungarria eraikitzen laguntzea da eta Elkarbizitza Batzordea, elkarbizitza positiboa kudeatzen duen taldea da. Plangintza osatu eta garatzeaz gain, batzordearen betebeharra da elkarbizitzaren inguruan sortzen diren gatazkak kudeatu eta bideratzea. Planteamendu zigortzailea gainditzea eta neurri zuzentzaileetan inziditzea da helburu nagusia. Batzordea ikasketa-buruaz, ikastetxeko orientatzaileaz eta irakasle batez osatua dago. Kasu larrietan, familien ordezkari baten eta irakaslea ez den langile baten iritzia eskatzen da.