“ONGI ETORRI” PLANA BIGARREN HEZKUNTZAN

Bigarren Hezkuntzako ikasleak “Ongi Etorri” planarekin hasi dute ikasturtea modu goxo eta ludikoan.

 

Aurten ere,  Bigarren Hezkuntzan, “Ongi Etorri” Planarekin eman diogu hasiera ikasturte berriari. Urtez urte, ikasle eta irakasleen balorazio eta proposamenekin moldatu eta osatutako programa jarduera hau Ikastolan bertan sortu genuen duela zortzi urte. 

Ikasturte honetan hiru egunetako plangintza prestatu dugu. 8:30etik 11:00k bitartean, ordutegiaren saio arruntak eten eta eguneko lehenengo saioak ikasleekin ez-ohiko jarduerak lantzeari ekin diogu.

“Ongi Etorri” planaren helburu nagusia ikastaldeen kohesioa eta elkarbizitza hobetzea da. Era berean, jarduera horiek talde lana hobetzen, elkar hobeto ezagutzen edota taldearen rolak eta funtzioak finkatzen laguntzen digute. Horretarako, Egape Ikastolan diseinatutako plana jarraituz, aparteko jarduerak, bideo emanaldiak edota hausnarketa saioak bideratu ditugu. Aipatu beharra daukagu, azken egunean, DBH 4. mailako ikasleak 1. mailako ikasleen irakasle bihurtu direla “berdinengandik ikasiz” jarduerak bideratuz.

Aurreko urteetan bezalaxe, esperientzia oso aberasgarria izan da. Batetik, “Ongi Etorri” Planari esker, ikasleak eta euren arteko harremanak sakonago aztertzeko aukera izan dugu irakasleok eta jasotako informazioa oso baliagarria suertatu zaigu hemendik aurrera lan talde kooperatiboak osatzeko eta elkarbizitza positiboa bideratzeko. Bestetik ere, ikasleek aukera paregabea izan dute euren tutore eta irakasleak ez-ohiko jardunean ezagutzeko.