“ONGI ETORRI” PLANA BIGARREN HEZKUNTZAN

“Ongi Etorri” planean txertatuta ditugun jarduerekin, ikasturtea modu goxo eta ludikoan hasteko aukera eskaini nahi izan diegu Bigarren Hezkuntzako gure ikasleei.

 

Aurten ere,  Bigarren Hezkuntzan, “Ongi Etorri” Planarekin eman diogu hasiera ikasturte berriari. Urtez urte, ikasle eta irakasleen balorazio eta proposamenekin moldatu eta osatutako programa jarduera hau Ikastolan bertan sortu genuen duela sei urte.

Astelehena eta asteartean, bi egunetan, 8:30etatik 11:00k bitartean, ordutegiaren saio arruntak eten egin ditugu eta eguneko lehenengo saioak ikasleekin talde dinamikak lantzeari ekin diogu.

“Ongi Etorri” planaren helburu nagusia ikastaldeen kohesioa eta elkarbizitza hobetzea da. Era berean, jarduera horiek talde lana hobetzen, elkar hobeto ezagutzen edota taldearen rolak eta funtzioak finkatzen laguntzen digute. Horretarako, Egape Ikastolan diseinatutako plana jarraituz, aparteko jarduerak, bideo emanaldiak edota hausnarketa saioak bideratu ditugu.

Aurreko urteetan bezalaxe, esperientzia oso aberasgarria izan da. Izan ere, “Ongi Etorri” Planari esker, ikasleak eta euren arteko harremanak sakonago aztertzeko aukera izan dugu eta jasotako informazioa oso baliagarria suertatu zaigu hemendik aurrera lan taldeak osatzeko eta elkarbizitza positiboa bideratzeko.