“ONGI ETORRI” PLANA BIGARREN HEZKUNTZAN

“Ongi Etorri” planean txertatuta ditugun jarduerekin ikasturteari hasiera modu goxo eta ludikoan emateko aukera eskaini nahi izan diegu Bigarren Hezkuntzako gure ikasleei.

 

Urteak dira, Bigarren Hezkuntzan “Ongi Etorri” Planarekin ematen diogula hasiera ikasturte berriari.  Aurten, Ikastolan bertan sortutako programak bi egun iraun ditu. Honela, asteazkenean, hilak 8, ikasturtearen aurkezpena egin eta gero, ondorengo bi egunetan, hots, irailaren 9 eta 10ean, ikasleek modu samurrean eman diote hasiera ikasturteari aparteko dinamika, jolas eta jarduerak eginez. Beraz, ordutegiaren saio arruntak eten egin ditugu eta eguneko lehenengo saioak ikasleekin talde dinamikak lantzeari ekin diogu. 

Plana ikastolan bertan sortutako jarduera programa da eta urtez urte ikasleen eta irakasleen balorazio eta hobetze proposamenekin osatzen dugu. “Ongi Etorri” planaren helburu nagusia ikastaldeen kohesioa eta elkarbizitza hobetzea da. Era berean, jarduera horiek talde lana hobetzen, elkar hobeto ezagutzen edota taldearen rolak eta funtzioak finkatzen laguntzen digute. Horretarako, Egape Ikastolak diseinatutako plana jarraituz, aparteko jarduerak, bideo emanaldiak edota hausnarketa saioak bideratu ditugu. 

Aurreko urteetan bezalaxe, esperientzia oso aberasgarria izan da. Izan ere, “Ongi Etorri” Planari esker, ikasleak eta euren arteko harremanak sakonago aztertzeko aukera izan dugu eta jasotako informazioa oso baliagarria suertatzen zaigu.