ONDARRUTARRAK BUELTAN IZAN DIRA

Maiatzaren 30ean DBH 1.mailako ikasleek gazte ondarrutarrei Urnietako ondarea erakutsi zien.

 

Ostiraleko bisita “Gazte euskaldunekin elkartrukean” DBH 1. mailan arloartekotasuneko ikas-egoerak barne hartzen duen ekintza izan da. Proiektuaren zereginak lehen hiruhilabetean burutu zituzten gure ikasleek eta horrela Ondarruko Institutuko adin bereko gazteekin e-posta bidez harremanetan jarri ziren.

Informazio trukearen ostean, ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan zuten joan den abenduaren 12an, Ondarroara eginiko txangoan. Aurreko ostiralean, maiatzaren 30ean, biribildu zuten egitasmoa DBH 1eko ikasleek, izan ere, beraien adinkide ondarrutarrak jaso zituzten bisitan Urnietan. 

Aurretik ondarrutarrek beraien herriarekin egin bezala, Urnietari buruzko azalpenak prestatu zituzten gure ikasleek eta taldeka aurkeztu zizkieten. Horrez gain, triptiko dotore bat osatu zuten ondarrutarrek etxera eraman zezaten. 

Besabi jatetxean, Adarraren magalean, elkartu ginen goizean eta azalpenak eman ondoren, Mulisko gainerantz abiatu ginen. Inguru ederra eta eguraldi paregabea lagun, Mairubaratzera iristean hamaiketakoa egiteko eta elkar hobeto ezagutzeko aukera izan zuten ondarrutar zein urnietarrek. Historiaurreko hilobiei buruzko azalpenak eman ostean, atzera abiapuntura itzuli ginen eta bertan agurtu genituen gazte ondarrutarrak.